Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bertsogintza bueltan

BTN17

Bost urte igaro dira aurreko Bertsolari Txapelketa Nagusia egin genuenetik. Urte horiek oso gorabeheratsuak izan dira kulturgintzarako, eta orain artean ezagutu gabeko atakan izan da bertsolaritza: bertso plaza ia erabat geldirik, sortzaileak kinka larrian, gure ekosistema egun batetik bestera hankaz gora, bertso-eskolak halabeharrez mutu, ekimen franko bertan behera...

Hala ere, egoeraren gordinak ifrentzua ere izan du, okerrenean ere izan dugu heldulekurik; elkartasunak, mugimenduaren irudimenak eta autoantolakuntzarako gaitasunak lagundu digute aurrera egiten.

Horrez gain, eguneroko erritmoa zertxobait moteldu behar izan dugunean munta handiko gaiak azalarazteko gai izan gara; besteak beste, kulturaren zereginaz edo sortzaileen lan baldintza duinez mintzatu gara azken hilabeteotan, ozen eta argi. Behartutako geldialdiak zenbait ikasgai eta etxeko lan utzi dizkigu denoi.

Testuinguru horretan ailegatu da Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022. Parte-hartzaileak irrikaz daude, plaza bere onera etortzen ari da, eta bertsozaleen partetik gogo berezia sumatzen da. Antolakuntzan, berriz, sortutako espektatibei arduraz eta taxuz erantzuten saiatuko gara.

Pasatutakoak ahaztu gabe, berriro ere bertsogintza izan dadila hizpide.

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Talde Antolatzailea