<!DOCTYPE html> Seguran eta Leitzan, egun osoko plana egiteko aukera — Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017
Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Seguran eta Leitzan, egun osoko plana egiteko aukera

2017/09/27
Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioak hartuko dituzten hainbat herritan, saioarekin batera ekitaldi osagarriak antolatuko dituzte. Horien artean, asteburuan Seguran Bertso Eskolen Eguna egingo da egun osoz eta Leitzan, berriz, "Harria. Maitasun istorioa" emanaldia eta Peru-Harrira bisita izango dira. Ez dira horiek txapelketako saioen inguruan antolatuko diren ekitaldi osagarri bakarrak, gehiago izango dira datozen asteotan.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioekin batera, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte saioak hartuko dituzten hainbat herritan. Horien bitartez, saioaren eskaintza aberastu eta egun osoko plana egiteko aukera eskaini nahi zaie saioak entzutera joango diren bertsozaleei. Tokian tokiko udal, bertso eskola eta eragileek dira ekimen osagarri horiek antolatzeaz arduratu direnak.

Asteburu honetan, Segurako eta Leitzako saoiekin batera, bestelako plana egiteko aukera izango dute bertsozaleek. Izan ere, Seguran Bertso Eskolen Eguna ospatuko da goizetik gauera, Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak prestatuta. Elorripe herriko tabernan emango zaio hasiera egunari, 12:30ean. 14:00etan bazkaria eskainiko da plazan, Iparra Hegoaren eskutik, eta bazkalostean, Bertsotruk bertso eskolen arteko desafioen hirugarren edizioa aurkeztuko dute parte-hartzaileekin.

Jarraian, Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdeneko saioari egingo zaio bide, eta hura amaitzean, Bertso Eskolen Egunak jarraipena izango du: 20:00etan, afari mokadua eskainiko du Elorripe herriko tabernak eta Julene Otaegi eta Jone Uria trikitilariek girotuko dute otordua. 23:00tan, eMePebo5t taldearen kontzertuak amaituko du eguna.

Gogoan izan, Bertso Eskolen Eguneko bazkarirako txartelak eskuratzeko epea, gaur, asteazkena, amaituko dela. Eskuragai dituzue www.bertsosarrerak.eus atarian.

Leitzan, Iñaki Perurenarekin

Igandean Leitzara ailegatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Arratsaldeko 17:00etan jokatuko da saioa, udal kiroldegian. Nolanahi ere, goizean ere izango da Leitzan zerekin goza. 10:30etan Peru-Harrira bisita gidatua egingo du Iñaki Perurena harri-jasotzaileak (bisita edonorentzako irekia da eta beharrezkoa bada gazteleraz ere emango dira azalpenak). Bisita amaitu ostean, 12:00etan Peru-Harrin bertan Harria. Maitasun istorioa kontakizun eta erakustaldia eskainiko du Perurenak. Bi ekitaldiok doakoak dira.

Aipatu bezala, ez dira bi hauek Txapelketa Nagusiko saioen inguruan antolatu diren saio bakarrak. Hurrengo asteotan saio osagarri gehiago izango dira. Besteak beste, Bastidako finalaurrekoarekin batera bertako upategietara bisita antolatuko dute, Amurrion Bertso Udalekuen 20. urteurrena ospatzeko bazkaria edo Iruñeko finalaurrekoarekin ere goizean jai giroko ekitaldi bat izango da, Anaitasuna peñarekin elkarlanean.

Ekitaldi osagarrien inguruko informazio eguneratua webgune honetan aurkituko duzu.

Leitzako saioarekin bat eskainiko ditu Iñaki Perurenak bisita eta emanaldia.