Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Iñaki Viñasprek irabazi du 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketa

2026/03/28
Bertsozalez lepo egon da Europako Biltzar Jauregia. Viñasprerekin batera, Unai Andak kantatu du buruz burukoan.

Europako Biltzar Jauregian giroa bero egon da 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketako finalean. Ia 800 bertsozale elkartu dira bertan, sei bertsolarien lanari adi. Zozketak erabakitako ordenean aritu dira kantari bertsolariak: Martin Abarrategi Sarrionandia, Maddi Agirre Epelde, Unai Anda DelikaAroa Arrezubieta Barredo, Peru Abarrategi Sarrionandia, Iñaki Viñaspre Simon.

Ariketaz ariketa lehenengo atala bete ostean, Iñaki Viñaspre Simonek eta Unai Anda Delikak lortu dute puntu gehien lortzea eta eurek kantatu dute buruz-burukoan. Azkenean, Viñasprek jantzi du txapela Santiago Diaz de Espada Fernandez de Monjeren eta Nura Elorriaga Bernausen eskutik. 

Horrela geratu da sailkapena.

  1. Iñaki Viñaspre Simon...................................1141
  2. Unai Anda Delika.........................................1124.5
  3. Peru Abarrategi Sarrionandia.......................749,5
  4. Aroa Arrezubieta Barredo............................. 749
  5. Maddi Agirre Epelde......................................740,5
  6. Martin Abarrategi Sarrionandia.....................710

Martxoak 3 elkarteko kideek jantzi diote txapela Viñaspreri, belaunaldikotasuna adieraziz. 50 urte igaro dira martxoaren 3ko sarraskia gertatu zenetik, eta Arabako Bertsozale Elkarteak aitortza egin nahi izan dio elkarteari egindako ibilbide eta lanagatik.

Txapelaz gain badira sari gehiago ere, eta hurrengoek emango dituzte: Aiaraldea Komunikabide Faktoriaren izenean Gartzen Garaio Atxurrak, Gasteizko Lazarraga Kultur Elkartearen izenean Xabi Antia Zuaznabarrek, Oiongo IKA euskaltegiaren izenean Esther Mauleon Garciak, Zalduondoko Kultur Elkartearen izenean Jon Ruiz de Pinedo Lekuonak, Mendialdeko AEKren izenean Kora Madinabeitia Ezkurrak, Gorbeialdeko Zigoitia Euskaraz Elkartearen izenean Askoa Urzelai Bengoetxeak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean Aritz Bidegain Aire.

Gai-emaile lanetan Arantxa Sobrino Lasa eta Irati Martinez Izaga aritu dira. Epaileak, ostera, hurrengoak izan dira: Ainhoa Arregi ElosuaAitor Jimenez TolosanaEgoitz Iradier Martinez de AlbenizEkaitz Elorriaga AnduagaEneritz Azkue BasurkoFernando Sopelana Alonso,  Marta Ortiz MateoMikel Fernandez de Arroiabe Idigoras eta Miren Bakarne Urreaga Etxeberria. Idazkari lanetan Endika Jimenez Enbeita aritu da.

Hitzetik Hortzera berezia, bihar

Jarraipen handia izan du gaurko finalak; hainbat dira saioa zuzenean eman duten hedabideak, eta beste hainbat horren berri emateko akreditatu direnak. Hitzetik Hortzera telebista programak, esaterako, Arabako Bertsolari Txapelketako finalak emandako bertsoaldi onenak eta txapeldunaren hitzak bilduko ditu, bihar bertan, 15:00etan, ETB1n. 

www.bertsoa.eus atariak, bestalde, finaleko bertsoaldien bideo hautaketa jasoko du, eta txapeldunari eta beste finalisteei egindako elkarrizketak ere argitaratuko ditu.