Xilabako finala, bideek bidea
Uztaritzen, Bertsularien lagunak elkarteko bulego berrian aurkeztu zen Xilaba Bertsolari Txapelketa. Orduko hartan aukeztu zuten Bideek bidea lema. Ortzi Idoate Bertsulari Lagunak Elkarteko sustapeneko kideak azaldu du berriro lemaren zergatia: "Bidartetik Donibane Lohizunera, hiru hilabete bertsoz, bide ezberdinetatik sortu eta marraztu da aldi honetako bidea, edo, agian, bideak. Heldu da, baina, bide hau bere azken geltokira: Jai Alaira".
Bidea ederra eta aberatsa izan dela berritsi du Idoatek. Hain zuzen, 9 herri, kostalde zein barnekalde, berretsita geratu da Xiberua, Lapurdi eta Baxenafarroko bertsolaritza une gozoan dago: bai bertsogintza aldetik, baita zaleen aldetik ere.
Berriz sei bertsolari, baina beste argazki bat
Azaroan 24 bertsolarik ekin zioten txapelketako bideari. Sei heldu dira finalera: Aitor Servier, Elixabet Etxandi, Irantzu Idoate, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena eta Miren Artetxe. Seikote honek argazki berri bat ekartzen digu, nola belaunaldiartekotasunean, hala generoari dagokionean.
Lehen aldikotz bost emazte izanen dira finalean (%84) eta 29 urtekoa da finalisten bataz besteko adina. Sei bertsolariak Seaskako ikastoletako ikasle izanak dira, eta adin tartea handia izanik ere seirei ukatu zaie baxoa euskaraz pasatzea.
Ainhoa Elizondo Bertsulari Lagunak elkarteko eragileak egin dizkie galderak finalistei. Lehenengoz kantatuko dutenek zein beteranoek, denek azaldu dute finalerako gogotsu daudela eta final ederraren atarian gaudela gaineratu dute.
Maialen Hiribarren izanen da txapel emailea
Txapeldunaz gain, txapel emailea ere izaten da finaleko protagonistetako bat: Maialen Hiribarren (Itsasu, 1957). Prentsaurrekoan aitortu du “sobera gogoetatu gabe” esan zuela baietz: “Ohore handia dela uste dut, eta nahiko nuke ni bezala lanean ari izan direnen izenean eskaini txapel hori”.
Bertsularien lagunak elkartean 15 urtez bolondres lanetan jardun du Hiribarrenek. Elkartea bera osatzen eta indartzen animaleko lana egin du, gaur egungo ardatzei hauspoa ematen, batez ere transmisioari. Seaskako irakasle izana da urte luzez erretreta hartu zuen arte eta lehen bertso eskolen bultzatzaile eta sortzaileetako bat izan da.
Bidelagunei eskertza
Xilaba txapelketa antolatzeko eta horrelako ekitaldiak egin ahal izateko, Bertsozale Elkarteko bazkideak eta bolondresak ezinbestekoak dira. Bertsozale Elkartearen oinarrian dago boluntariotza eta txapelketa horren ispilu eta erakusleiho bat gehiago da.
Herriz herri lagundu gaituzten herriko etxeak, jatekoa eta edatekoa segurtatu duten ikastola zein beste elkarteak eskertu nahi ditugu. Nola ez eskertu gai emaile taldea eta epaile taldea, hilabete luzez lanean jardunak, oholtza azpiko lanaren bidea ere txalotu behar dugu. Eta saioz saio furgoia deskargatu, kadirak ezarri, garbiketa lanak egin… eta irrifar bat eskaini diguzuen guzioi milesker handi bat.
Xilaban eta Ipar Euskal Herriko bertsogintzan laguntzeko beste modu bat saioetara joatea da. Beraz, bertsozale guztiak Jai Alaira joateko gomita egiten dugu
Sartzeak bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai.
