Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xilabako finalerako oharrak

2026/01/28
Heldu da Xilaba Bertsolari Txapelketako azken hitzordua: finala. Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan izanen da saioa, larunbatean, 17:00etatik aitzina. Guzia ahalik eta ondoen joan dadin, hemen larunbateko hitzordurako zenbait ohar.

Sartzeen salmenta

Finaleko sartzeak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai. Asmoa Xiberua, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsolaritza bizitzen ari den momentu goxoaren ispilu-miraila izaitea da. Beraz, argazki eta arratsalde horren parte izatera animatzen zaituztegu!

Bertsosarrerak ataritik ez badira sartze guztiak saltzen, egunean bertan 15:30ean txarteldegia zabalduko da lekuan berean.

Finala jarraitzeko bideak

  • Telebistan: zuzenean eskainiko da finala ETB4n. Buruz burukoa, berriz, ETB1n eskainiko da. Zuzenekoa Ilaski Serranok aurkeztuko du, Aimar Karrika bertsolaria alboan duela bere ikusmoldea eman eta saioaren analisia eginez. Bestalde, biharamunean, otsailaren 1ean, 15:00etan Hitzetik Hortzera telebista saio berezia emitituko da ETB1n.
  • Internetenwww.eitb.eus eta www.bertsoa.eus atarietan emango da saioa zuzenean, streamingez. Bertsoa.eus-ek, gainera, biharamunean zintzilikatuko du bere atarian finaleko bertsoaldien hautaketa. Gainera, txapeldunari eta gainerako finalistei egindako elkarrizketak ere izanen dira ikusgai.
  • Irratiz: uhin bidez ere lau haizeetara hedatuko da biharko finala. Euskal IrratiekNaiz Irratiarekin elkarlanean emanen dute zuzenekoa. Euskadi Irratiak, bestalde, hainbat konexio eginen ditu arratsaldean zehar.

Bestalde, hainbat dira finala aretotik bertatik jarraitzeko akreditatu diren hedabideak, beren paperezko ale, webgune eta sare sozialetan txapelketaren berri emango dutenak.

Puntu ubela

Xilabako Bertsolari Txapelketako finala erasorik gabeko gunea izaitea nahi dugu. Puntu ubela egonen da, eraso matxistarik jasan edo ikusiz gero, hara joan ahal izateko. Erasoen berri emateko email honetara ere idatzi dezakezue: lantaldefeminista@bertsozale.eus 

Jai Alaira nola heldu

Aparkaleku  eremua izanagatik, garraio publikoan etortzea gomendatzen da: Trenez edo autobusez Donibane Lohizunera etorrita (Txik txak autobus sarea).

Ateen irekiera

Jai Alaiko ateak 16:00etan zabalduko dira. Bertsularien Lagunak Elkarteak tenorez joateko gomendioa egin nahi die bertsozaleei, jende ainitz bilduko garelako eta azken orduan trabarik ez egoteko.

Donibane Lohizuneko ikastolak ostatua segurtatu eta taloak eginen ditu.

Irisgarritasun beharrak

Gurpildun aulkian datozen bertsozaleek zein irisgarritasun beharrak dituztenek, pistako ateetatik izango dute sartzea. 

Indukzio bukle bidezko gorren soinu sistema erabiltzeko aukera izango da.

Bestelako oharrak

  • Sartze bakoitzak bere kodea du eta, beraz, sartze berarekin ezingo da pertsona bat baino gehiago sartu.
  • Emergentzia kasuren bat balego, antolatzaileek (petodun gorriak) emandako oharrei kasu egin.
  • Jai Alai barnean ezin da erre. 
  • Bertsolariek mugimendu guziak nabaritzen dituzte oholtzatik; horregatik, mugitu behar izanez gero, egon bertsoaldia bukatu arte.