Heldu da XILABA txapelketa
Lau urte pasatu dira azken Xilaba ospatu genuenetik. Pandemiako garai ilunetatik Xilaba argitsu batera egin nahi genuke bide. Xalbadorrek esan omen zuen argiak ez duela inon ilunpean bezainbat argitzen. Eta hura baino lehen ibilia zen Mari Luixa Erdozio ilunetan gaindi. Hainbat eta hainbat ilunpeko argi urratzaileri esker bizi da oraino bertsolaritza eta euskara gure lurralde hauetan.
Gaur aurkeztu da 2025eko XILABA Uztaritzen, eta han izan dira Elkarteko ordezkariak eta zenbait bertsolari. Aritz Bidegain Bertsularien lagunak elkarteko lehendakariak eta Ortzi Idoate sustapen eragileak elkartearen norabideak eta bidezidorrak aletu dituzte. Eta horri lotuta, "Bideek bidea" izango da edizio honetako lema. Marga Berra Zubietak lema horren inguruan landu du diseinua eta grafismoa.
Hamar saio, hamar herri
Esan bezala, azaroaren 8an hasiko da Xilaba Bidarten eta bere bidea eginen du Xiberua, Lapurdi eta Baxenabarre zeharkatuz: Domintxaine, Ainhoa, Ligi, Aiherra, Muskildi, Hiriburu, Baigorri, Bardoze eta, azkenik, urtarrilaren 31n Donibane Lohizunera iritsiko da. Lehen fasean lau saio izango dira eta 24 bertsolarik kantatuko dute; bigarren faseak hiru saio izango ditu 18 bertsolarirekin; final aitzinekoetara 12 bertsolari sailkatuko dira; eta final egunean sei bertsolari lehiatuko dira. Parte hartzen duten 24 bertsolarietatik bederatzi dira emazteak, aurreko Xilaban baino bi gehiago. Bidean goaz. Bertsolarien adin tartea 19 urtetik 54 urtera doa, eta bost bertsolarik lehen aldiz kantatuko dute txapelketan.
Sartzeak, salgai
Saioetako sartzeak www.bertsosarrerak.eus atarian erosten ahalko dira. Saio bakoitzean lehiatila irekiko da eta bertan euskoz edo txekez ordaintzen ahalko da.
Bidekoei, eskertza
Bidean topatuko ditugu gai-emaileak, epaileak, talde antolatzailea, komunikazio taldekoa eta saioz saio laguntzera etorriko diren bertso eskoletako kide eta orotariko lagun guziak. Gure eskerrik beroena adierazi nahi genieke, beraiek gabe ez baita biderik. Era berean, urte osoan zehar babesten gaituzten bazkide, elkarte, erakunde eta enpresa pribatuak eskertu nahi genituzke.
Iluna argi dakigula bidean.