Bidarten hasiko da larunbatean XILABA bertsolari txapelketa
Dena pikoan da 2025-26ko Xilaba txapelketa abiatzeko. Lehen faseko lehen saioan bertsolari hauek igoko dira oholtzara: Maddi Ane Txoperena Iribarren, Oier Urreizti Lafitte, Aitor Servier Etxexuri, Elixabet Etxandi Goihenetxe, Nahia Sasco Etxeberri eta Karlos Aizpurua Etxarte. Gai emaile lanetan Xalbat Alzugarai Etxeberri izanen dute. Bidarteko garailea zuzenean sailkatuko da bigarren fasera, beste bertsolariek aldiz lehen fase osoa bukatu arte beha egon beharko dute, sailkatzerik duten edo ez jakiteko. Bidarteko saioarekin batera, Domintxaine (azaroak 15), Ainhoa (azaroak 22) eta Ligiko (azaroak 30) saioek osatuko dute lehen fasea. Xilaban parte hartuko duten 24 bertsolaritik orotara 18 pasako dira bigarren fasera.
Sartzeak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian; egunean bertan ere salduko dira lehiatilan 16:00etatik aitzina, baldin eta aitzinetik interneten agortu ez badira. Bertsularien lagunak elkarteak Bidarteko herriko etxearen laguntza ukan du saioa antolatzeko.
Saioa aitzin eta ondotik ostatua izanen da Bidarteko Uhabia ikastolak proposaturik.
