Faseak eta sailkatzea
Lau sailkapen fasetan banatua dago 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa: sailkatze fasea, lehenengo fasea, finalaurrekoak eta finala. Lehenengo fasea da urriaren 4an abiatzen dena.
Sailkatze fasea
Maiatzaren 23an eta 30ean jokatu ziren, Iruñean eta Jauntsaratsen. Saio horietan azken txapelketan –hots, 2023koan- parte hartu gabekoak aritu ziren, hasiberri izan ala aspaldi parte hartutakoak. Haiei, azken txapelketako azken lau sailkatuak gehitu zitzaizkien, saioak osatzeko. Guztira, beraz, hamabi bertsolarik jokatu zituzten sailkatze saioak, eta horietatik 6 sailkatu ziren txapelketarako. Haiekin batera ariko dira aurrez dagoeneko sailkatuta zeuden beste 18 bertsolariak.
Lehenengo fasea
24 bertsolari izango dira fase honetan. Sei bertsolariz osatutako lau saio jokatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera; eta puntu gehien batzen dituzten beste hamalaurekin osatuko dira finalaurrekoak.
Finalaurrekoak
18 bertsolari arituko dira fase honetan: aurreko faseko saio bakoitzeko irabazleak eta puntu gehien batzen dituzten beste hamalauak. Hiru finalaurreko jokatuko dira, eta saio bakarrera lehiatuko dira.
Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera; puntu gehien batzen dituzten beste bost bertsolarirekin osatuko da finaleko taldea.
Finala
Zortzi bertsolari lehiatuko dira: finalaurreko bakoitzeko lehena eta puntuazioz sailkatu diren beste bostak.
Bi saiotan banatuko da finala: lehendabizi zortzi bertsolariak jardungo dira eta ondoren puntu gehien batu dituzten bi bertsolarien arteko buruz burukoa egingo da. Arratsalde osoko jardunaren ostean puntu gehien dituen bertsolaria izango da txapelduna.