Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Zaharrak Berri, Boskatu, Oriako Tramanak, Hernaniii eta Allepunta irabazle asteburuan

2026/02/10
Urola Erdiko adarreko finalaurrekoak erabakita gelditu dira, Zaharrak berri eta Txemaizterrak sailkatu ziren Azpeitian.

Gipuzkoako Herriartekoaren Urola Erdiko hirugarren eta azken final laurdena jokatu zen ostiralean Azpeitiko Korralen. Taberna bete jende, eta giroa bero, hiru talde aritu ziren kantuan. Lehiatik kanpo geratu ziren Eguterakuk, eta finalerdietara pasatu ziren Zaharrak Berri eta Txemaizterrak.

Hiru talde eta bederatzi bertsolari aritu ziren ostiralean kantuan: Azkoitia-Errezilgo Eguterakuk taldeko Naia Arrizabalaga, Julene Iturbe eta Haritz Garmendia; Azpeitiko Txemaizterrak taldeko Jon Gurrutxaga, Suhar Gesalaga eta Oihana Labiano; eta Azpeitiko Zaharrak Berri taldeko Leire Ostolaza, Jokin Uranga eta Haritz Etxeberria Ministro. 

Finalerdietan lehenengoa otsailaren 20an izango da Errezilgo Borondegi jatetxean. Azkoitiko saioa irabazi zuen Astuk Alineaute taldea eta asteburuan nagusitutako Zaharrak Berri ariko dira nor baino nor. Bigarren finalerdia, berriz, otsailarek 27an izango da, Aizpurutxoko Itziar jatetxean; Zestoako saioa irabazi zuen Erraila taldea eta ostiralean bigarren sailkatu ziren Txemaizterrak ariko dira kantuan.

Tolosaldeko adarreko saioa izan zen Alegiko Gaztetxean. Alegiarren arteko saioa izan zen, eta azkenean Boskatu taldeak aurre hartu zaion Irazustabarrenegi taldeari. Talde irabazlean Eneko Ontsalo, Iker Arandia eta Egoi Irazustabarrena aritu ziren kantuan. Irazustabarrenegi taldearen ordezkari, berriz, Felix Irazustabarrena, Aitor Irazustabarrena, Iker Iriarte eta Imanol Irazustabarrena. Giro benetan beroa sortu zuten bai bertsolariek eta baita saioaz gozatzeko asmotan gaztetxea bete zuten bertsozaleek ere.

Andoainen etxeko taldea Hernaniii taldearekin aritu zen kantuan. Hernaniarrek irten ziren garaile amaierako puntuaketan. Andoaingo taldeko bertsolariak Jon Eskudero, Aritz Eskudero eta Ion Beloki izan ziren. Hernanitik Bakarne Urreaga, Andoni Mujika 'Anatx', Xabat Pagola eta Andoni Rekondo aritu ziren kantuan.

Urola Kostan eta Goierrin lehen saioak

Urola Kostako adarrean, berriz, eskualdeko lehen saioa izan zen Aian. Afaltzen 60 bat lagun elkartu ziren 21:00etan, eta afari ederraren ondoren, ia gauerdia jota hasi ziren bertsotan. Kantuan izan ziren Orioko Errikotxia eta Zarauzko Allepunta taldeak. Errikotxia taldeko bertsolariak: Xabier Sukia, Ganix Miner eta Iker Gurrutxaga. Allepunta taldeko bertsolariak: Felix Zubia, Julen Zulaika eta Hodei Iruretagoiena. Gai-jartzaile lanetan Errikotxia taldeko Maddi Etxeberria aritu zen. Giro beroa egon zen elkarte betean, eta saio ona joan zen. Talde irabazlea Zarauzko Allepunta izan zen. Hortaz, Allepunta da martxoaren 6ko Zarauzko semifinalean kantuan izango den lehen taldea.

Goierrin ere Legazpin ekin zioten Herriartekoko lehen faseari. Legazpiko gaztetxean, hiru talde aritu ziren oholtza gainean kantuan. Legazpiko Bertso Olariak, Julen Agirreburualde, Asier Iriondo eta Ane Beloki bertsolariakin; Xelebrek, Uhaitz Oiartzabal, Sustrai Goenaga eta Amets Zubizarretarekin eta Oriako Tramanak beasaindarrak, Maddi Aiestaran, Duna Urteaga eta June Aiestaran. Beasaingo taldeak egingo du aurrera Goierri eskualdean.