Saio ugarirekin dator Herriartekoa asteburu honetan

Eskualdez eskualde aurrera doa Gipuzkoako Herriartekoa. Adar bakoitzeko finalen egunak gerturatzen ari dira, eta Tolosaldean ezik beste eskualde guztietan izango da saio bana.
Buruntzaldea eskualdeko adarrean Zubietan izango da gaur saioa. Bertan etxeko taldeak Lasarteko Earkarekin neurtuko ditu indarrak.
Debabarrenan ere bigarren finalaurrekoa jokatuko da gaur. Bertsora eta Alkolea izango dira aurrez aurre ariko diren bi taldeak. Saio hau ere gaur izango da, Eibarren.
Urola Kostako azken final laurdeneko saioa izango da gaurko Getariakoa. Han izango dira kantuan Arrai Nahastua eta Zarauzko Gazte Jendia taldeak.
Urolan, aldiz, bigarren final aurrekoan ariko dira gaur Aizpurutxon. Saio honetara sailkatutako taldeak Astuk Alineaute eta Txemaizterrak dira. Gaurko irabazleak Zaharrak Berri taldea dauka finalean kantatzeko zain.
Donostia-Oarso-Bidasoako adarrari dagokionez, Donostiako Parte Zaharrean bertako Balantxa eta Oiartzungo Intxixuk taldeetako bertsolariak ariko dira gaur kantuan. Multzo honetan kanporaketa zuzena egin beharrean, ligaxka bidez ari dira erabakitzen zein talde ariko diren final aurrekoetan.
Debagoioenan, Aretxabaletan bihar izango da saioa. Hiru talde izango dira kantuan: Mikaela Mentu, Tutelatraku eta Kale edo Bale. Lehengo astean jokatu zuten lehen finalaurrekoa, eta gaurko hiru taldeetako bat izango da eskualdeko finalean Leintz taldearekin kantuan ariko dena.
