Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Leintz Herriarteko txapeldun

2026/05/30
Arrasate eta Eskoriatzako Leintz taldea da Herriarteko txapeldun berria. 21-15 emaitzarekin aurre hartu dio Urretxu-Zumarraga 1 taldeari. Saio bizia eta umoretsua izan da gaur Aiako probalekuan jokatu dena.

Ane Zuazubiskar, Haizea Arana, Oihana Arana, Larraitz Trojaola eta Olatz Zuazubiskar dira Gipuzkoako Herriarteko txapeldun berriak. Mikel Iturriotz, Antton Fernandez, Manex Mantxola, Jon Mendizabal eta Leire Akizu, berriz, txapeldunorde.

Leintz taldea izan da lehena agurra kantatzen, umorez hasi dute lehen kolpetik finala. Ondoren etorri dira Urretxu Zumarragakoak beren txapelketako ibilbideaz kantari eta hauek ere algaraka ipini dute probalekura hurbildutako bertsozalea.

Lan puntuagarrietan lehena librekoa izan da, horretara Haizea Arana eta Manex Mantxola hurbildu dira mikrora. Agurretan hasitako bideari jarraituz umore handiko saioa osatu dute elkarri erronkan.

Hamarreko txikian Ane Zuazubiskar eta Mikel Iturriotz aritu dira, elkarrekin elkartzeko nahiko lan zeukaten bi lagunen paperetik.

Ezohiko ariketa izan da hurrengoa. Talde bakoitzeko kide bati 12na errima eman eta 3 zortziko txiki kantatu behar izan dituzte. Leintz taldeko Oihana Aranak eta Urretxu Zumarragako Antton Fernandezek osatu dute lana. 

Zortziko txikian ofizioka aritu dira ondoren Haizea Arana eta Manex Mantxola. Autobuseko bi bidaiari izan dira elkarren mobileko pantailari begira. Libreko saioan hasitako saioari jarraipena emateko aprobetxatu dute ariketa bi bertsolariek. Eta oso saio txalotua izan da.

Puntuak erantzuteko lanean Antton Fernandez izan da lehena, udako jaien eta festa giroari buruz kantatu du. Ane Zuazubiskarrek, berriz, bere aisialdiaren inguruko puntuei erantzun behar izan die.

"Ez zenuen espero gertatuko zenik, baina umorearen marra gorria pasa duzula esan dizute" izan du gaia bakarkako ariketan Oihana Aranak. Bertsolaritza utzi eta umoregile den gizonezko baten azaletik aritu da. Mikel Iturriotzi, berriz, halaxe jarri dio gaia Leire Akizu gaijartzaileak:  "Gonbidapena jaso zenuen orain dela bi hilabete, zalantza asko izan arren agertu egin zara". Koadrillako bat ezkontzen dela eta izan dituen zalantzei buruz osatu ditu bere hiru bertsoak.

Koplaka talde bakoitzeko bi kide aritu dira. Haizea, Ane, Mikel eta Manex pisukideak izan dira. Beren elkarbizitzako komeriez aritu dira 16 koplatan.

Atzekoei kantatzeko ariketan Antton Fernandezek bere bi kideei kantatu behar izan die. Irrati zozketa batean bidaia bat irabazi du eta bietako zeinekin joan aukeratu behar izan du. Leintz taldean Haizea irakasleak bere taldeko biak bere ikasle izan ditu. Azterketak gainditzeko zein trikimailu erabili duen bakoitzak igarri nahian aritu da.

Amaitzeko, ganbarako lanean puntuka egin dute bi taldeek: "Hemen ondoko Pagoeta parkean antolatzen den orientazio proban hartu duzue parte. Zuek hirurok elkarrekin beste taldearen kontra ari zarete lehiatzen. Nola ikusten zarete? Nola ikusten dituzue besteak?" Bi bertsoaldi biziren ondoren epaimahaiak zer esango zain gelditu dira bertsolariak.

Txapeldunei txapela azken herriarteko txapelketako talde irabazleko ordezkari Unai Mendizabal eta Igotz Alkortak jantzi diete.