Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Eskualde denak martxan izango dira Herriartekoan asteburu honetatik aurrera

2026/02/20
Debabarrena eta Debagoienan lehen saioak izango dira gaur eta bihar.

Erabat murgilduta dago Gipuzkoa Herriartekoan, 7 saio izango dira datozen egunetan beste hainbeste herritan. Debagoiena eta Debabarrena eskualdeetako lehen saioak jokatuko dira, eta Goierrin eta Urolan, berriz, finalaurrekoak izango dira.

Tolosaldeko adarrean azken final aurrekoa izango da gaur arratsaldean Amasa Villabonan. Bertan izango dira aurrez aurre Vila Amasa eta Aiztondoko taldeak. Bertako irabazleak Boskatu taldea izango du zain eskualdeko final aurrekoan.

Aizarnazabalgo Joxe Jimenezen kasta eta Zarauzko Sendabelarrak taldeek artekoa izango da gaurko beste saioetako bat, Aizarnazabalen. Urola kostako adarreko final laurdenetako saioa izango da.

Goierriri dagokionez, finalean zein talde arituko den jakingo dugu gaur Zumarraga-Urretxu 1 eta Osinalde 1 taldeen arteko saioaren ostean, Ataunen.

Urola kostan lehen final aurrekoa izango dute gaur Errezilen. Inauterietako atsedenaren ostean Errala eta Zaharrak Berri elkarrekin kantuan ariko dira Borondegi tabernan.

Donosialdea, Oarso eta Bidasoak osatzen dute multzoan ligaxkako saioa izango dute gaur Oiartzunen. Etxeko taldea, Intxixu, eta Oreretako Xenpelarbi taldeek hartuko dute parte bertan. 

Xarmaginak eta Arnoate parez pare dituela emango dio Debabarrenak hasiera Herriartekoari. Soraluzen izango da kanporaketa. Eskualdeko finaleko lehen taldea zein izango jakingo dugu saio honen ondoren.

Bihar emango dute lehen urratsa Debagoienako adarrean. Gatzagan izango da saioa, eta Jesus! Hori be badaku eta Leintz taldeak entzuteko aukera izango da bertan.

Aiztondo taldea