Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Erralla, Beasti eta Astigarraga lehen asteburuko irabazleak

2026/01/29
Hiru saio izan ziren Herriartekoko lehen asteburuan. Etxeko taldeek egin zuten aurrera Zestoa, Berastegi eta Astigarragan. Entzule ugari elkartu da bertsoaz gozatzeko asmoz.

Herriarteko txapelketako lehen hiru saioak izan dira asteburu honetan. Ostiralean Urolako eta Tolosaldeko saio bana izan zen Zestoan eta Berastegin, eta igandean, berriz, Astigarragan aritu ziren kantuan.

Zestoan, herriko taldeak, Errallak, egin zuen aurrera Harresi tabernako saioan. Gorka Olaizola, Oskar Alberdi eta Aitor Salegi bertsolariak izan ziren Errallaren ordezkari kantuan. Jon Odriozola, Joanes Azpillaga eta Oier Etxeberria, aldiz, Azpeitiko Igerilari Artifizialak taldean. Tabernako giro ederrean, lehia estua izan zen, eta herriko taldea nagusitu zen. Horrenbestez, Igerilari Artifizialak taldeak amaitu du Herriarteko Txapelketako bidea.

Berastegin izan zen ostiraleko beste saioa. Hemen ere herritarrak izan ziren aurrera egiteko aukeratuak. Beñat Salbarredi, Mikel Beloki eta Iñigo Gorostarzu izan ziren Beasti taldeko bertsolariak. Hauekin kantuan Oriako Iturria taldeko Bixente Gorostidi, Adur Gorostidi eta Odei Oiartzabal. Beasti taldeak egingo du aurrera Tolosaldeako adarreko Herriartekoan.

Igandean izan zen Buruntzaldea eskualdeko lehen saioa Astigarragako Ipintza sagardotegian. Hernanii eta Astigarraga taldeak aurrez aurre, eta aurreko bi saioetan bezala, etxeko taldea irabazle. Aurrekanporaketa moduan antolatutako saioan, Iker Goñi, Urko Casado eta Axier Saralegi bertsolariek osatutako taldeak izango du berriz kantatzeko aukera. Hernanii taldean Joana Tolaretxipi, Iker Ormazabal eta Joseba Agirre aritu ziren kantuan.

Lehen asteburuko saioen ostean, etenik gabe izango dira, martxora bitarte, Herriarteko saioak astebururo Gipuzkoako 8 eskualdetan.

Erralla eta Igerilari Artifizialak taldeetako partaideak