Dena prest Aiako finalerako
Larunbatean amaituko du Herriarteko txapelketak urtarrilean hasi zuen bidea. Aiako probalekuan erabakiko da zein taldek jantziko dituen txapelak.
Ibilbide ederra eginda sailkatu dira Leintz taldeko kideak. Debagoienako irabazleek Oñatin eskuratu zuten finalerako txartela. Ane Zuazubiskar, Haizea Arana eta Oihana Arana bertsolariek osaturiko hirukoteak aukera ederra du txapelketa biribiltzeko. Beraiekin kantuan, berriz, Zumarraga-Urretxu 1 taldeko Antton Fernandez, Manex Mantxola eta Mikel Iturriotz arituko dira. Hauek ere lan bikaina eginda txapelketa osoan zehar, Aiako probalekuan ere arrastoa uzteko asmotan. Aipatzekoak dira talde goierritarrak prestatu dituen hasierako agurrak, mozorro eta musikaz lagunduta.

Finala 18:00etan hasiko da Aiako probalekuan etai taldeek honako lan hauek egin beharko dituzte:
- Agurrak
- Librean (6na bertso). Talde bakoitzeko batek.
- 10eko txikian ofizioka 3na bertso. Talde bakoitzeko batek.
- 12 oinak emanda 3na bertso. Talde bakoitzeko batek.
- 8ko handian ofizioka 3na bertso. Talde bakoitzeko batek.
- 8ko txikian ofizioka 3na bertso. Talde bakoitzeko batek.
- 3 puntu erantzun. Talde bakoitzeko batek.
- Bakarka gaia emanda, 3 bertso nahi den doinu eta neurrian. Talde bakoitzeko batek.
- Koplaka rola emanda. 4na kopla. Talde bakoitzeko bik.
- Atzekoei kantatzeko ariketa. Talde bakoitzeko batek gaia emanda beste taldeko bertsolari bakoitzari kantatu beharko dio eta hauek erantzun.
- Ganbarako lana. Taldeko kide denek puntuka osatu beharko dute.
- Agurrak.

Egun osoko egitaraua
Eguneko ekintza bakarra ez da izango, ordea, arratsaldeko saioa. Finalera motorrak berotuta iristeko moduko egitaraua dago prest larunbaterako. Goizean, 12:00etatik aurrera bertso poteoa izango da Aian barrena Herriartekoan parte hartu duten eskualdeetako bertsolariekin. Duna Urteaga, German Urteaga, Danel Etxeberria, June Aiestaran, Harri Agirresarobe, Iker Ormazabal "Tturko", Uxue Alkorta, Urko Arakistain, Egiar Otegi, Asier Ibarguren, Leire Ostolaza, Eneritz Artetxe, Urko Arregi eta Gontzal Belategi entzuteko aukera izango da.
Ondoren, 14:00etan, herri bazkaria izango da Aiako frontoian.
Saiorako eta finalerako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragarri.
