Astuk Alineaute, Hernani eta Tolosa aurrera Herriartekoan
Ostiral iluntzean izan zen Urolako Herriartekoko bigarren saioa Azkoitian. Herriko bi talde, Astuk Alineaute eta Jokin Biyokin taldeak kantuan aritu ziren, Zurt tabernan bildu ziren bertsozaleen gozamenerako. Astuk Alineauteko Asier Garate Txibilter, Iñaki Tolosa eta Eneritz Artetxeren lana izan zen epaimahaiaren iritziz irabazle, eta honenbestez, Jokin Biyokin taldeko Unai Izagirre Attola, Jon Izagirre eta Jokin Landaren txapelketako ibilbidea amaitu da.
Une berean izan zen Tolosaldeako adarreko saioa Anoetako Gaztetxean. Tolosaldeko taldea izan zen aurrera egiteko aukeratua Irura eta Anoetako taldearen aurkako saioan. Lehenengo taldean Jare Bengoetxea, Danel Etxeberria eta Naiara Arreseigor izan ziren kantuan eta etxeko taldean Txomin Azpiroz, Jon Mendiluze eta Haritz Murua. 60 lagun hurbildu ziren saioa entzutera.
Buruntzaldeko adarrean, berriz, aurreko asteko irabazleek, Astigarragako taldeak Hernaniarrak izan zituzten aurrean Hernanin bertan, Kixkal tabernan, jokatutako saioan. Iker Goñi, Agin Laburu ta Axier Saralegi astigarragarrak eta Eli Pagola, Eñaut Martikorena eta Ekain Tolaretxipi hernaniarrak izan ziren saioko bertsolariak, eta azken hauek izan ziren irabazle.
Bina saio jokatu dira Buruntzaldean, Urolan eta Tolosaldean, eta asteburu honetan ekingo diote beraien kanporaketa faseari gainontzeko eskualdeek.
