Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bazkide ez direnentzat ere finalaurrekoetako eta finaleko sarrerak, salgai

2017/10/02
Bertsozale Elkarteko bazkideek izan dute lehentasuna Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako eta finaleko sarrerak erosteko orduan. Gaurtik aurrera, baina, bazkideek ez direnek ere izango dute saio horietarako sarrerak erosteko aukera. Sarrerez gain, finalerako autobusetarako eta bazkarirako txartelak ere salgai dira jada.

Bertsolari Txapelketa Nagusia aurkeztearekin batera jarri ziren salgai final laurdenetako saio guztietarako sarrerak. Finalaurrekoetako eta finaleko sarreren kasuan, berriz, Bertsozale Elkarteko bazkideek horiek eskuratzeko orduan lehentasuna izan dute. Modu horretan, bazkideek bertsolaritzari urtero egiten dioten ezinbesteko ekarpena saritu nahi izan du Bertsozale Elkarteak.

Gaurtik aurrera Bertsozale Elkarteko bazkideek ez direnek ere badituzte finalaurrekoetako eta finalerako sarrerak erosteko aukera. Ohi bezala, www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai txapelketako saio guztietako sarrerak. Finalaren kasuan, internetez gain, Euskal Herriko hainbat salmenta gunetan ere daude salgai. Salmenta gune horietan sarrera arruntak dira eros daitezkeenak, bazkideen eta gazteen sarrerak soilik internetez baitaude salgai. Salmenta guneen zerrenda hemen kontsulta dezakezu.

Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia izango dute saioetako sarreren prezioan. Era berean, gogoan hartu behar da saio guztietan aforoa mugatua dela.

Sarrerez gain, gaurtik aurrera ere finaleko bazkarirako txartela eta BECera joateko autobus txartelak erosteko aukera dago www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Txapelketako saio guztietan aforoa mugatua da.