Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

XILABA 2021 Bertsulari Txapelketako finala aurkeztu da Donibane Lohizunen

2021/11/08
Gaur eguerdian aurkeztu da prentsaurreko bitartez Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko VI. Bertsulari Txapelketako finala. Prentsaurreko horretan izan dira: Ortzi Idoate Bertsularien Lagunak elkarteko Sustapen eragilea eta antolakuntza arduraduna, eta sei bertsulari finalistetako bost: Amets Arzallus, Odei Barroso, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena eta Patxi Iriart. Miren Artetxe ere ariko da larunbateko finalean.

Bertara inguratutako guziei ongietorria eman ondoren, Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko 2021eko Bertsulari Txapelketak orain arte izan duen ibilbidearen bilan labur bat egin da. Ondoren, azaroaren 13an jokatuko den finalaz hainbat argibide eman dira.

  • Iazko txapelketaren hastapena ederki hasi zen eta bertan behera uztearen aipamena egin da.

  • Aurtengoa aipatzerakoan, xehetasun hauek eman dira: 

    Irailaren 18an Makean hasi eta azaroaren 13an Donibane Lohizunen finituko den XILABAn, 24 bertsularik parte hartu dute. Txapelketa trinkoagoa izanki,  jauzi handia izan da final aitzinekotik finalera pasatzea, 18 bertsularitik 6 baizik ez baitira sailkatu. Beti bezala, lurraldetasuna errespetatzen saiatu gira: Makea, Muskildi, Hiriburu, Gabadi, Maule-Lextarre, Bardoze eta Izpura izanik hautatutako herriak. Ohikoa baino entzule gutiago ibili da, osasun ziurtagiria eskatzeak eta, osasun egoerarekin loturiko debekuen ondotik, beste antolakunde anitzek memento berean ekimenak antolatzeak eragina izan dute seguraski.

Eskerrak eman zaizkie bertsulariei, gai emaile eta epaile taldeko kideei XILABAren hezurdura baitira. Etorri diren eta etorriko diren entzuleei, Txapelketa osoan bertsulariak txalotu eta babestu baitituzte, eta haiek gabe bertsularitza ez litzatekeelako gaur egun dena izanen. Haien azpiegiturak gure esku eman dituzten Herriko Etxeei ere, hori ere beharrezko baitugu Txapelketan. Eta, azkenik, lagundu gaituzten elkarte eta ikastola desberdinei: Baigura Ikastola, Ametza ikastola, Amikuzeko ikastola, Donibaneko Ikastola, Garaziko eta Azkarateko ikastolak eta Muskildi Bizi elkartea. Azken hauei aipamen berezia, izan ere saioak goxoagoak izatea ahalbidetu baitute, eta urte osoan euskararen eta euskal kulturaren bultzatzaile garenon elkarlanaren ispilu izan delako haien parte hartzea.

Finala: azaroaren 13an, Donibane Lohizunen

Donibane Lohizuneko Kanpos Berri Jai Alain jokatuko da XILABAko finala, azaroaren 13an, 17:00etan.

Sei finalistak, haien final aitzineko saioan gailenduz edo final aitzinekotan puntuaketa gorena eskuratuz sailkatu dira finalerako. Hau da seikotea: Amets Arzallus AntiaOdei Barroso GomilaMaddalen Arzallus AntiaMiren Artetxe SarasolaMaddi Ane Txoperena Iribarren eta Patxi Iriart Hiribarren.

Aurkezle lanetan, Aritz Bidegain eta Amaia Kastorene arituko dira, eta epaitzeko lana sei epaileren gain izanen da. 

Hauek dira saioan zehar egin beharko dituzten lanak:

Agur bana

Seikotearen lana (15na bertsu puntuagarri)

- Zortziko handian ofiziotan binaka, hiruna bertsu

- Zortziko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu

- Banaka, hiru punturi erantzun

- Hamarreko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu

- Kartzela banaka, gaia emanda, hiruna bertso

Buruz burukoan  (15na bertsu puntuagarri)

- Seiko motzean ofiziotan binaka, hiruna bertsu

- Zortziko ttipian ofiziotan binaka, hiruna bertsu

- Kartzela banaka, gaia emanda, hiruna bertso

Bukaerako agurrak

Epaimahaiak haren erabakia jakinaraziko duelarik sari banaketa eginen da azken agurra kantatu aitzin. Aurten, bertsularitza eta oro har, euskal kultura eta euskal nortasuna, itzaleko lanetik hainbeste lagundu duen Andoni Iturriozek jantziko dio txapela txapeldunari.

Finaleko sarrerak jadanik salgai dira: Interneten: www.bertsosarrerak.eus atarian, eta gero beste hainbat tokitan ere erosi ahalko dira:

  • Senperen: Larraldea baserrian, Bertsularien Lagunak elkartearen egoitzan
  • Baionan: Elkar dendan
  • Hazparnen: Xuriatean
  • Donibane Garazin: Irulegiko Irratian
  • Pausun: Xaia ostatuan
  • Itsasun: Herriko etxean

Afixa finala

 

Gaur, aurkezpenean: Bertsularien Lagunak elkarteko Ortzi Idoate, finaleko bertsolarietako batzuk eta Andoni Iturrioz txapel emailea.