Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Amets Arzallus txapeldun

2021/11/13
1.200 lagun inguru bildu dira larunbat hontan Donibane Lohizuneko Jai Alain. Entzule eta ikusle asko izan dira ere irratiz, telebistaz zoin internetez saioa segitu izan dutenak. Amets Arzallusek jantzi du aurtengo Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsolari txapelketako txapela, buruz burukoan Miren Artetxerekin aritu ondoren. Ondotik sailkapenean gelditu dira hurrenez hurren Odei Barroso, Maddalen Arzallus, Patxi Iriart eta Maddi Ane Txoperena. 2022. urteko Euskal Herriko Txapelketa Nagusirako sailkatu diren bertsulariak, Miren Artetxe Sarasola, Odei Barroso Gomila eta Maddalen Arzallus Antia dira. Jadanik sailkatuta daude, Amets Arzallus Antia eta Sustrai Colina Akordarrementeria.

Arratsaldeko bostak eta laurdenetan oholtzara igo dira aurtengo sei finalistak, zozketak erabaki ordenean, Maddalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Hiribarren, Odei Barroso Gomila, Amets Arzallus Antia, Patxi Iriart Hiribarren eta Miren Artetxe Sarasola. Aritz Bidegainek eraman du saioa, Amaia Kastorenek bertan bildu ikus-entzuleei harrera egin ondoren.

Zortziko nagusian eta zortziko txikian aritu dira lehendabizi, ofiziotan; puntu-erantzunetan jardun dira gero eta 10eko txikian aritu dira ondoren, berriro ere binaka, ofiziotan; azkenik, bakarka aritu dira, kartzelako lanean, gai bera emanda, neurri eta doinu librean: "Orain arte besteen begiradak arranguratu izan zaitu".

Lan horien ondotik, Amets Arzallus eta Miren Artetxe sailkatu dira buruz-burukoa jokatzeko eta 6ko motzean eta 8ko txikian ofiziotan aritu ondoren, berriro ere kartzelako lana egin dute eta azkenean Amets Arzallusek txapela jantzi du.

2022. urteko Euskal Herriko Txapelketa Nagusirako sailkatu diren bertsulariak, Miren Artetxe Sarasola, Odei Barroso Gomila eta Maddalen Arzallus Antia dira. Jadanik sailkatuta daude, Amets Arzallus Antia eta Sustrai Colina Akordarrementeria.

Andoni Iturriozen eskutik txapela, isileko lana eskertuz

Andoni Iturriozek eman dio makila eta jantzi dio txapela Amets Arzallusi. Urte luzeetan Andoni Iturriozek bertsolaritzaren eta orokorkiago euskal kulturaren alde egin lana eta eman laguntza isila bezain handia eskertu nahi izan du Xilaba txapelketaren antolatzaile den Bertsularien Lagunak elkarteak.

Sari ematen aritu dira Maider Bedaxagar euskal kulturaren ordezkari gisa, Maeva Estano txapelketa guzian zehar laguntza ekarri duten ikastola eta elkarteen izenean, Karine Etxeberri Bertsularien Lagunak elkartearen izenean, Haira Aizpurua Euskal Herriko eskolarteko txapelduna bertso eskolen izenean eta Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkartearen izenean.

Epaile lanetan aritu dira Maialen Berra, Eneko Bidegain, Zuhaitz Olazabal, Lur Renteria, Ainhoa Sarasua, Iban Thicoipe eta Abel Zabala. Halaber, aurtengo txapelketa guzian zehar gaiak prestatzen eta saioak aurkezten aritu dira Aritz Bidegain, Lierni Elortza, Xabi Elgart, Joana Itzaina, Amaia Kastorene, Antton Lannes, Oihana Larrandaburu, Amaiur Lujanbio eta Pantxika Solorzano. Saioaren hasieran Xilaba 2021ean parte hartu duten bertsulariak ere goraipatu dira: Karlos Aizpurua, Irati Alcantarilla, Xan Alkhat, Iker Altuna, Miren Artetxe, Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Ramuntxo Christy, Kerman Diaz, Gillen Hiribarren, Patxi Iriart, Mizel Mateo, Maindi Murua, Xumai Murua, Pettan Prebende, Maddi Sarasua, Johañe Sarraillet, Aitor Servier, Bittor Thicoïpé, Josu Txoperena, Maddi Ane Txoperena, Oier Urreizti eta Egoitz Zelaia.

Honakoa izan da finaleko sailkapena:

  1. Amets Arzallus Antia 1012 puntu
  2. Miren Artetxe Sarazola 975 puntu
  3. Odei Barroso Gomila 605 puntu
  4. Maddalen Arzallus Antia 586,5 puntu
  5. Patxi Iriart Hiribarren 562,5 puntu
  6. Maddi Ane Txoperena Iribarren 561,5 puntu

 

1.200 lagun bildu dira Donibane Lohizuneko Jai Alaiko aretoan

Bertaratu ez direnek, telebistaz, irratiz zein Internetez finala jarraitzeko aukera izan dute ETB4k, Euskal Irratiek, Naizek eta Bertsoa.eusek zuzenean eskaini baitute. ETB1ek buruz burukotik aurrerako bertsoak eskaini ditu ikus-entzuleei 21:00etatik aurrera. Internetez, eitb.eus, bertsoa.eus eta berria.eus guneek jarraipen zabala eskaini dute ere.

Bihar, Hitzetik Hortzerak, gaurko finalaren bilduma eta Amets Arzallus txapeldunaren hitzak eskainiko ditu 15:00etatik aurrera. Astelehenean Bertsoak hautaketa zabala eskainiko du eta eta asteartean, Amaia Goikoetxea kazetariak txapeldunari eginen dion elkarrizketaz gozatu ahalko da. Xilabako antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete Donibane Lohizuneko Herriko Etxeari, Euskal Kultur Erakundeari, Euskal Hirigune Elkargoari eta oro har, bere babesle eta laguntzaile guztiei, sostengu hori ezinbestekoa baita. Bide beretik, antolakuntzan, mezua hedatzen zein saioak jarraitzen aritu diren bertsozaleei ere esker beroenak.

 

Txapeldunaren azken agurra:

Doinua: Norbere mundu intimo

Biriatuko mendira
lore bat eta muxu bi
beste bat urte osoko
bertsozale maite zuri
muga madarikatu bat
erantsi ziguten guri
jendea han ibiltzen da
ito larrian urduri
zuriak ez baigara beltz
beltzak ez baitira zuri
har dezadan makila hau
ta mugak bihurtu zubi
bidasoak ez dezal
beste malkorik isuri
primaderan hiru lore
baietz hazi Zibururi !

Amets Arzallus, Andoni Iturriozekin. / XDZ