Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Makean abiatutako XILABA, datorren larunbatean Donibane Lohizuneko helmugara iritsiko da

2021/11/11
2021eko XILABA Bertsulari Txapelketa larunbatean amaituko da, Kanpos Berri Jai Alain jokatuko den finalarekin. Bertan, Amets Arzallus, Odei Barroso, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena eta Patxi Iriart bertsulariak neurtuko dira. Aurten, Andoni Iturriozek jantziko dio txapela txapeldun berriari. Saioa 17:00etan hasiko da.

Sarrerak

Finaleko sarrerak larunbat eguerdiko 13:00ak arte erosi ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus webgunean zein Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko hainbat puntutan. Saioa izango den Kanpos Berri Jai Alain, larunbatean,  leihatila 15:30ean irekiko da. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia dute: 13 euro. Gaztetxoen sarrerak (10-16 urte) 5 euro balio ditu, eta sarrera arruntak 18 euro.

Sarbideak eta oharrak

Covid-19 dela eta, indarrean diren arauak beteko dira. Aretora sartzerakoan Covid-19 ziurtagiria erakutsi beharko da: agiri hori txertoa jarri ondoren ematen duten agiria edo PCR edo antigeno froga egin ondoren ematen dutena izan daiteke (ez du balio norberak etxean egindako frogak). Aretoaren barnean, ez da maskarik behar izango.

Jai Alaiko sartzearen aitzinean dauden aparkalekuak bertsularientzat eta antolakuntzarako bakarrik gordeak izanen dira. Jai Alairen alboan dagoen parkina, bertsuzaleentzat irekia izanen da.

Finala, telebistaz zein Internetez

Larunbatean Jai Alaira joateko aukerarik ez duenak ere zuzenean jarraitu ahal izango du XILABA Bertsulari Txapelketako finala:

- ETB4 kateak osorik eskainiko du finala zuzenean. Ilaski Serrano aurkezleak gidatuko du saioa eta Nahia Sasco bertsolaria ariko da iritzi emaile.

- ETB1ek, 21:00etatik aitzin, buruz burukoa eskainiko du.

- Euskal Irratiek eta NAIZ irratiak ere zuzenean emanen dute final osoa.

- Internet bidez, www.eitb.eus, www.bertsoa.eus eta www.berria.eus atarietan jarraitu ahal izango da. 

Igandean, Hitzetik Hortzera berezia eskainiko da finaleko bertsualdi onenekin eta txapeldunaren hitzekin. Saioa 15:00etan emango da ETB1en.

Astelehenean, www.bertsoa.eus atarian finaleko bertsualdiak ikusgai egonen dira eta Aitor Servierren kronika, eta asteartean, Amaia Goikoetxea kazetariak txapeldunari eginen dion elkarrizketaz gozatu ahalko da.

Xapelketari buruzko informazioa www.bertsozale.eus/xilaba eta www.bertsoa.eus atarietan jarraitzen ahal da.