Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Izpuran argitu da nortzuk kantatuko duten azaroaren 13an Jai Alaiko finalean

2021/10/31
Odei Barroso Gomilak irabazi du Izpurako Faustin Bentaberri gelan jokatu den XILABA Bertsulari Txapelketako azken final aitzinekoan. Haren atzetik sailkatu dira Patxi Iriart Hiribarren, Egoitz Zelaia, Maindi Murua Berra, Gillen Hiribarren eta Johaine Sarraillet. Hiru final aitzinekoetan bertsulari bakoitzak ateratako puntuak batu ondoren erabakita gelditu da zein seikotek kantatuko duen azaroaren 13an Donibane Lohizuneko Jai Alaien ospatuko den finalean.

Izpurako Faustin Bentaberri aretoan jokatu da aurtengo XILABA Bertsularien Txapelketako azken final aitzinekoa. Kantuan Patxi Iriart HiribarrenOdei Barroso GomilaEgoitz ZelaiaMaindi Murua BerraGillen Hiribarren eta Johaine Sarraillet bertsulariak aritu dira Joana Itzaina gai-emailearen eskutik, Saio ederra eskaini dute han bildu diren berrehun entzuleen gozamenerako. 

Azken agurrak entzun eta, Joana Itzaina gai-emaileak eman du epaileen erabakiaren berri, huna zoin izan den:

  1. Odei Barroso Gomila ................516,5
  2. Patxi Iriart Hiribarren .................494,5
  3. Egoitz Zelaia .............................493
  4. Maindi Murua Berra ..................470,5
  5. Gillen Hiribarren.........................468
  6. Johaine Sarraillet ......................441,5

 

Hiru final aitzinekoetan hiru lehenak eta beste hiru bertsulari bakoitzak ateratako puntuazioak batu ondoren, seikote honek kantatuko du Donibaneko Lohizuneko Jai Alai frontoian azaroaren 13an ospatuko den Finalean: Amets Arzallus Antia, Odei Barroso Gomila, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe SarasolaMaddi Ane Txoperena Iribarren eta Patxi Iriart Hiribarren.

Ondoko hitzordua emanez bukatu da saioa, Donibane Lohizuneko Jai Alai-en azaroaren 13an arratsaldeko 5 etan jokatuko den Finala gogoratuz. Ikastolak eskaini talo goxoak janez segitu dute gaualdia bertsuzaleek, gelan berean.