Irailaren 19tik abenduaren 20ra izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa
Aurkeztu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Bilbon izan da aurkezpena, Kafe Antzokian. Udazkenean ekingo diogu bideari, baina harainoko bidea jarraikorra da; izan ere, herrialdeetako txapelketekin hasten den bidearen azken zatia izaten da lau urtez behingo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.
Jokatu dira Gipuzkoakoa, Nafarroakoa, Bizkaikoa, Xilaba eta Arabakoa. Orain da Euskal Herrikoaren txanda. Aurkezpen ekitaldian, bide horren irudikapena egin da. Horregatik, Bertsozale Elkartea osatzen duten herrialdeetako ordezkariak bildu dira, lehenago aipatutako txapelketen zikloaren erakusgarri: Arabako Elkartetik Ekaitz Elorriaga, Bizkaikotik Belate Olabarria, Gipuzkoako Elkartetik Oihana Aranguren, Ipar Euskal Herriko Bertsularien Lagunak Elkartetik Aritz Bidegain eta Nafarroakotik Nerea Bruño. Horiez gain, hitza hartu dute txapelketako talde motorreko kide diren Oier Iurramendi Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak, Udane Mugerza txapelketako arduradunak eta Ainhoa Urien lehendakaritza taldeko kideak.
Lehenengo faseko zazpi saioak Euskal Herriko zazpi probintziatan
Hasterako aipatu da ilusioz eta arduraz bizi duela Elkarteak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, "sortzen duen irrikaren eta eragiten duen lurrikara ederraren jakitun", azaldu du Urienek. Dagoeneko lurra mugimenduan da, gaurkoarekin hasi da dardara. Jakinarazi baitira datak, saioak eta partaideak.
2022koarekin alderatuta, sei bertsolari gehiago ditu aurtengo aldiak: Arabako bi, Nafarroako bi eta Xilabako bi. Hori horrela, saio bat gehitu zaio txapelketari, eta, lehen fasean, sei saioren ordez zazpi izango dira. Zazpi saio horiek Euskal Herriko zazpi probintziatan jokatuko dira.
Udazkeneko agenda Txapelketak hartuko du, eta unea baliatu nahi du Elkarteak mapan kokatzeko bertsoa, kultura eta euskara. Izan ere, kultura eta euskara ito nahi duten honetan, hitza giltza eta euskara funtsa dituzten diziplinak arnasgune eta arnasaldi direla azpimarratu da.
Saio guztietarako sarrerak ekainaren 17an jarriko dira salgai
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako saio guztietarako sarrerak ekainaren 17an jarriko dira salgai bertsosarrerak.eus atarian.
Mugerzak azaldu duenez, Bertsozale Elkartearen bazkide direnek finalerako sarrera erreserbatuta izango dute ekainaren 17tik 24ra. "Aste horretan sarrera erosteko aukera bermatuta izango dute honela". Horrez gain, txapelketa osoko bonoa erosteko aukera eta saio guztietarako beherapena ere izango dute.
Bertsozale Elkartea komunitateak egiten duela gaineratu du sustapen eragileak; "ezinbestekoak dira borondatezko lanaren ekarpena eta proiektuko bazkideen sostengua". Txapelketako sarreren aukera baliatu eta bazkide izateko pausoa egitera animatu du bertsozalea.
Lau urteko ziklo baten itxiera
Iurramendik azaldu duenez, bertsolaritzak gure egunerokoari kantatzen dio: "inguratzen gaituzten gauza txikietatik hasi, norbera zeharkatzen duten kezka, poz edo kontraesanetatik pasa eta mundu mailako gertaera globaletaraino". Txapelketak balioko du horretarako: ingurura ez ezik, barrura begiratzeko, horretarako heldulekuak ematen baititu bertsolaritzak. Txapelketak ere balio du momentuaren eta lau urteko aldiaren argazkia ateratzeko.
Ziklo baten amaiera irailean hasiko da, eta prentsaurrekoan azaldu duten moduan, sumendiak bezala piztear gara eta bor-borka egingo dugu. Hasi da lurrikara.
