Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Hainbat formatan, baina Txapelketaz

2026/09/07
Irailaren 19an hasi eta udazkena hartuko du 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak. Bertsozale Elkarteak jarraipen estua egingo dio Txapelketari, edukia hainbat formatu eta kanaletatik landuko du, ahalik eta bertsozale gehienengana heltzeko.

Txapelketa zurrunbiloa da, lurrikara. Abagunea. Momentuaren argazkia. Txapelketa gauza asko da, baina bereziki bozgoragailu handia da, hedadura handikoa eta ubera uzten duena. Transmisiorako gako da, bertsozaletzeko amu eta atxikimendurako tresna.  Hori horrela, Bertsozale Elkarteak lau urtean behingo aukera hau baliatuko du bertsolaritza ahalik eta jende gehienarengana heltzeko. Horretarako, eskura dituen baliabideak zukutuko ditu, formatu desberdinetako hainbat eduki sortuz.

Bertso saioetan izango da hedapeneko eta komunikazioko lan taldea. Saio guztiak grabatuko dira, ostera, etxetik berriz ere ikus-entzuteko. Saioaren iritziak bilduko dira eta ostean partaideei elkarrizketak ere egingo zaizkie. Horrez gain, bertsogintzaren ertz desberdinak aletuko dira astero, adituen analisiekin; eta Txapelketaz baino, bertsogintzaz eta kulturgintzaz arituko diren bideopodcasta argitaratuko da. Xeheago azalduta:


Bertsoaldiak

Saio ostean, bertsoaldiak bertsoa.eus-en eskegiko dira. Larunbateko saiokoak astelehenean; eta, igandekoak, asteartean. Horrez gain, lehen faseko saioak osorik ikusteko aukera ere izango da ostean, ETB ONen. Behin lehen fasea pasata, saio guztiak zuzenean emitituko dira.  Finalaurrekoak ETB 1 ON katean eta finala ETB 1en. 

Elkarrizketak

Saio ostean saioko irabazlea eta partaideak elkarrizketatuko dira. Elkarrizketa horiek bertsoa.eus-en argitaratuko dira saioko bertsoaldiekin batera.

Hitzetik Hortzera

Irailaren 13an hasiko Hitzetik Hortzeraren denboraldi berria, igandearekin. Hortik hasi eta urtea amaitu bitarte txapelketaren baitako saioak emitituko dira astero-astero.  Emisioak egunez aldatuko dira Txapelketan zehar (2026an). Arestian esan bezala, igandean izango dira, 15:00etan.

Saio bakoitzean Txapelketaren inguruko esparru bati begiratuko zaio. Hasteko, txapelketaren kilometro kopuruari eta egiten duen ibilbideari begiratuko zaio; zozketen ingurukoak ere landu dira, segurtasuna, Txapelketaren antolaketa eta egitura, sintonia, irudia eta eszenografia, epailetza, borondatezkoen lana...  16 saio izango dira guztira. 

2027an ohiko dinamikan jarraituko du Hitzetik Hortzera saioak.

Bertsogintzako analisiak

Bertsozale.eus-en, astero, bertsogintzaren alor bati begirako analisia argiaratuko da, idatziz. Irailaren 9an izango da lehendabizikoa, asteazkenean.

Bideopodcasta

Emun kooperatibarekin elkarlanean Bidegurutzean bideopodcasta grabatu du Bertsozale Elkarteak.  Onintza Legorburu Larrea da saioko gidaria eta, hamabostean behin, kulturgintzaren inguruko ertz bat borobilduko du bi gonbidatuen laguntzaz. Bata, bertsogintzari lotua egongo da; bestea, ez hainbeste, beste kultur diziplina bateko sortzailea izango baita. Honela, diziplinen arteko elkarrizketa bilatu da.

Grabaketak Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean egin dira. Lehen emisio eguna irailaren 17a izango da, osteguna.

Eduki honekin guztiarekin, bertsoa fokupean egongo den honetan, bertsogintzaz aritzeko aukera zabaldu nahi da. Egiteko horretan bidelagun izango ditu hedabideak.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako aurkezpeneko irudia. Kamera zuzenean grabatzen. XDZ