Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Txapelketaren barregrafia (posible) bat

2017/11/07
"Bat-batean ari garenean (entzuleak ere bat-batean txalotzen du entzundakoa) inertziek leku gehiago dute, gainera, eta umoreak berarekin dakarren dibertsioaren baitan ez dago filtroa pasatzeko tarterik". Ane Labakaren ekarpena adituen analisien tartean.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko umoreari buruz idazteko eskatu zidaten. Eskaera umorez (beraz, serio) hartzea erabaki dut, batez ere goizetan erdi lo nagoenean komuneko zorura eroritako lentilla topatzea bezain zaila egin zaidalako txapelketan umorearekin lotuko nituzkeen bertsoaldiak topatzea .

Zenbaitzuk bertsolari batzuk merezimendu osoz lortutako puntuazio altuen susmagarritasuna aipatzen duten garaiotan, nik ez dut umorearen ausentziaren erruduntasunari buruz jardun nahi. Hala ere, txapelketaz kanpoko ohiko plazetan duen nagusitasunarekin alderatuta, zer hausnartua eman dit txapelketako markoan umoreak izandako presentzia urriak.

Esango nuke eskema zurrunegi bat eraiki dela gai-jartzaile taldeak eskatutakoaren, entzuleak espero duenaren, eta ondorioz, bertsolariak egin dezakeela sentitzen duenaren artean. Kaiola txikiegi eta kortse estuegi bat. Eta hor ez da umorea kabitzen.

Salbuespenak salbuespen, zortziko txikiko ariketara mugatu da umorea egiteko aukera edo zuzenago esanda, ariketa horretan nahitaezko bilakatu da umoreari leku egitea. Inguruko zenbait sasi-adituri entzun diedan bezala, ni ere ados nago bizitasunarekin eta grazia egin beharrarekin lotutako ariketa honetan irudi grazioso bat aurkezten ziguten zenbait gai hutsal samar jarri direla onartzerakoan. Bi txakur jabe bagara eta txakur txikiena handienari zaunkaka hasi zaiola aipatzean gaiaren absurdotasunagatik entzulea dagoeneko barrez hasten bada, hortik aurrera zein garapen izan lezake gaiak?

Nire ustez, gainera, ariketa bakoitzaren aurrean eskatzen zaion kokapenak bertsolari guztien gorputzaldia aurrez modu homogeneo samarrean zehaztea dakar berarekin, doinuen aukeraketatik bertatik hasita. Seguran zortziko txikirako baliatutako gai bat aipatuko dut honen erakusgarritzat. Gai-jartzaileak nagusiaren eta menpeko langilearen paperan jarri zituen bi bertsolari, ostiral arratsaldea zen eta nagusiak etxera joan aurretik lan gehiago agindu zion langileari. Lan baldintzei buruzko gai bera hitzez hitz hartu eta hurrengo ariketan proposatu izan balitzaie (hamarreko txikikoan) umoreari leku egiteko beharra sentituko al lukete bertsolariek?

Ezezkoan nago ni, eta, hain zuzen ere ezezkoan nagoelako, iruditzen zait ohiko plazetan askoz mementokoagoa dela gaiak iradoki dienaren arabera bertsolariek hartu nahi duten enfokearen, sortu nahi duten emozioaren edo bertso moduaren aukeraketa, askoz askatasun gehiago sentitzen duela bertsolariak eta askatasun horrek umorearen alde egiten duela sarritan.

Izan ere, umorea askatzea da. Umorea askatzea da batzuetan, besteetan lotzea edo zapaltzea den bezalaxe. Are gehiago, esango nuke une jakin bateko umorea aldi berean izan daitekeela batzuentzat askatasun eta besteentzat zapalkuntza. Hain justu, hor dago, nire ustez, umorea ulertzeko gakoa; nork-nori ekuazio horretan.

Badakit gertatu dela dagoeneko, lerro hauek irakurri ahala irudi bat etorri zaizuela burura; kamiseta arrosa bat, agian? Barkatuko didazue berriro gai berari heltzea baina aitortu behar dizuet Bastidan bertso hori entzun orduko bi pentsamendu izan nituela elkarren oso jarraian. Lehena, "espero dut telebistako kamerak ez zuela nire une honetako aurpegia grabatuko". Bigarrena, "umoreari buruzko artikuluan zukutzeko moduko adibide bat oparitu didazue, eskerrik asko". Eta "didazue" diot entzulearen erreakzioak larritu ninduelako beste ezerk baino gehiago.

Saio ostean "Jesus neska! Umorea zen … ez da hainbesterako!" bota zidana aste osoa haserre pasa duen lagun homosexual batekin jarriko nuke hizketan zuzenean. Aurrez aipatu dugun ekuazio horren baitan kasu honetan ere argi dagoelako nor den nork eta nor nori. Eta nork-en botere posizioan  eroso gaudenean ez delako erraza nori zapaldu horren lekuan jartzea.

"Fikzioa baino ez zen…" esanez ere defenditu dira batzuk. Eta oxala diot nik. Oxala fikzioa balitz benetan eta Bastidako entzuleetako askok ez balute antzekorik pentsatu gizonezko bertsolari bat kamiseta harekin oholtzaratu zen unean. Oxala.

Ni pozik nago. Pozik nago aste osoa igaro dudalako gai honi buruzko eztabaida mamitsuetan murgilduta. Bastidan algaraka aritu ziren entzuleak sumatu ditudalako minduta, ustezko bertso-mundu "aurrerakoiari" homofobia bezalako hitz kaltegarriak egotzi zaizkiolako. Egia da denok daukagula matxista txiki (edo ez hain txiki) bat barruan, homofobo bat, gutxien uste dugunean ateratzen dena, hor zegoenik ere ez genekiena. Bat-batean ari garenean (entzuleak ere bat-batean txalotzen du entzundakoa) inertziek leku gehiago dute, gainera, eta umoreak berarekin dakarren dibertsioaren baitan ez dago filtroa pasatzeko tarterik.

Eskerrak, beraz, goiz horretan bere armairuko kamiseten artean arrosa hura aukeratu zuenari, gure barruko armairuetan ikusi nahi ez genituenak ikusarazteko aukera eman zigulako. Izan ere, Nerea Ibarzabalek Zumaian begiak eskuekin estaliz kantatu zuen bezala: "Ez bazaitut ikusten, ez zara existitzen".

Ane Labaka.