Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nerea Ibarzabalek irabazi du Zumaiako final laurdena

2017/10/08
Aitzuri pilotalekuan jokatu da Bertsolari Txapelketa Nagusiko bosgarren final laurdena. 700 zalek hauspotu dute bertsolarien lana.

Zumaiako Aitzuri pilotalekua bertsozalez bete da 16:00etan ateak zabaldu direnetik. Sarrerak amaituak ziren ostegunetik eta, honenbestez, ez da betetzeko hutsunerik geratu; guztira, 700 lagun inguruk jarraitu dute final laurdeneko saioa bertatik bertara.

Marta Ugartek aurkeztu du saioa eta berarekin izan dira oholtzan gaurko sei protagonistak: Ibon Ajuriagojeaskoa, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo, Nerea Ibarzabal eta Asier Otamendi.

Binaka aritu dira lehenik zortziko handian eta txikian; puntu-erantzunetan gero; binaka berriro ere hamarreko txikian; eta, azkenik, kartzelako lanarekin biribildu dute eginbeharrekoa egokitu zaien gaiari helduta: "Zaborretara botatzera joan zara baina gorde egin duzu azkenean". Ajuriagojeaskoak bere bikotekide ohiaren argazkia gorde du; Oiartzabalek janariarekiko harreman zaila kontatu du; Artetxe tratu txarrak jasan dituenaren ahotik aritu da; Gabilondo istripuz seme-alaba galdu duenaren larrutik; Ibarzabalek ezkontzeko soinekoa gorde du; eta, Otamendik gaztetan lapurtutako Playboya.

Kartzelako lana amaituta eta puntuazio osoak batuta, epaimahaiaren erabakia jakinarazi du Ugartek: Ibarzabalek irabazi du Zumaiako final laurdena, 698,5 punturekin. 661,5 eskuratu dituzte bai Nahikari Gabilondok eta baita Miren Artetxek ere; 627,5 Arkaitz Oiartzabal "Xamoa"k; 617,5 Asier Otamendik; eta 616 Ibon Ajuriagojeaskoak. Eneko Bidegain, Maite Sukia, Jurgi Fuentes, Karlos Ibarguren, Jon Abril, Aitor Jimenez eta Iñaki Aurrekoetxea aritu dira epaile lanetan, eta Ane Errazkinek eta Joxe Mari Altunak egin dituzte idazkari lanak.

Zumaiako saioa irabazita, azaroaren 4an Maule-Lextarren jokatuko den finalaurrekorako tokia lortu du Markina-Xemeingoak. Beñat Gaztelumendi izango du bertsokide, oraindik zehazteko dauden beste lau parte hartzailerekin batera.

Zumaiako Udala eta herriko bertso eskola eskertu nahi ditu Bertsozale Elkarteak saioa gauzatzeko emandako laguntzagatik.

Azken final laurdena, Tolosan

Datorren larunbatean jokatuko da Tolosako Beotibar pilotalekuan azken final laurdena. Sarrerak internetez eskura daitezke www.bertsosarrerak.eus atarian eta Tolosako Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan. Era berean, gogoratu finalaurreko zein finalerako sarrerak eskuragai daudela aipatutako internet atarian, www.bertsosarrerak.eus.

Nerea Ibarzabal Maule-Lextarreko finalaurrekoan arituko da.