Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gai horrek badu haria

2017/11/14
"Uste dut, indarraren indarrez, txapelketak hipertrofia moduko bat daukala giharretan eta horrek gaiei eta bertsolariei erasan diela". Aste honetan, Josu Goikoetxearen analisia.

Norbait gai-jartzaileen patroi jarri behar bagenu, agian Juan Ignazio Iñaki Uranga bizargin idazlea jarri behar genuke gai-jartzaileok aldarean. Hura izan zen, idatzizko erreferentziek dioskuenez, lehen gai-jartzailea edo "zirikatzailea". Horrelaxe dator jasota Oihana Aranburu gure dokumentalista bikainak estraperloan pasatutako Bertsolari guduak (1935-1936) dokumentuan. 1936ko kronika honetan, Joseba Zubimendi olerkariak gaur ere sarri aipatzen diren  35. eta 36. urteetako Bertsolari Txapelketen kontakizuna ematen digu, zeinak Basarrik eta Txirritak irabazi baitzituzten, hurrenez hurren. Sarreran, baina, egiten du Zubimendik bertso gudu haien aurrekari baten aipamena, 1930an eta Donostian baita ere, Centro Católicon egin zen sariketa batena, gerora famatuko zirenen aurrekari lez. Antolatzen Euskaltzaleak elkartea zebilen, Lizardi eta Labaien tarteko. Hala dio Zubimendik:

"Donosti zarrean aiton bizargille bati bertsolari guduak, antziñako erara taiutzen trebe zala igarri genion. "Consistorio de los Juegos Florales" zalako aietan epaille bezela ibilia bait-zan Uranga-tar Iñaki.

Altzaga-tar Toribi yaunaren omenez "Centro Católico" antzokian 1930-garren urtean Euskaltzaleak lenengoz eratu zuen Bertsolari-gudua onetxek zuzendu zigun. Txirrita, Lujanbio, Telaetxipi, Zabaleta, Agirre eta Bitoria zanak, lege zarrera gudu arrigarria egin ziguten. Trebe asko eta zorrotz Uranga olerkari aitonduak bertsolariak zirikatu zituan. Txapeldun, ao batez, Bitoria aukeratu genduan".

Beraz, Uranga lehen gai-jartzailea, baina testuak iradokitzen digu Lore Jokoetan ere jardun berean ibilia zela eta, ziurrenik, bera bezala beste batzuk. Patri Urkizuk jasotzen duen bezala 1869ko Lore Jokoei buruz ari dela: "Vinsonek kontatzen digu ere bapateko bertsoak izan zirela […] Ibarra izeneko Jatsuko zapatagina eta Azkaingo Maria Luisa Osorioren artean izan zela eztabaida, gaia ezkontza eskea izan zelarik"

Adanismoa da azkenaldian ikasi dudan kontzeptuetako bat eta egoki txerta daiteke gai-jartzailetzarren historian. Gure gaien ondoan, hasiera hartako gaiei halako primitibotasun bat egozten diegu. Zer beste dira, bestela, 35-36etako gudu haietan gaiak bertsoz emateko ohitura (ez oso emankorra lehen begi kolpean) edo gaiak ofizio gisa ematea (bai, hortik dator oraindik darabilgun terminoa), hala nola, artzaina eta nekazaria, arotza eta aizkolaria, nagusia eta morroia bikoak.

Baina tematzen zara eta gehiago irakurtzen duzu, eta iristen zara 1936ko Elizondoko kanporaketara, eta hasten zara gauza sofistikatuagoak ematen zirela ikusten: "Ardua aupatu naiean Ibarra Joan yarri zan eta bere anai Pedro, uraren edertasunak goraltzen […]  Harriet Joanes-ek ezkonduen alde yokatzen zuan eta Iriarte gazteak ezkongaiak gora naiean. Batak ezkontza ederra zala, besteak, azke, libre obeto bizitzen zala" [Zubimendi, Bertsolari guduak (1935-1936)]. Bo, esango dit baten batek, "oraindik gai-ernamuinak dira horiek" eta agian arrazoia du, baina egin dezagun aurrera 25 urte eta jo dezagun 62ko txapelketara. Gogoan izan dezagun gerra ostean nekez garatu izango zela gai-jartzailetza, baina hara Alfontso Irigoienen ahotan zer irakur dezakegun: "Azpillaga izango da Donostiako guardia bat, kale-kantoi batean geldi dagoena, eta Mitxelena Gipuzkoako erri txiki bateko baserritarra. Ain zuzen ere baserritarra guardia dagoen inguruko kale-ertz batetik bestera asi da pasatzen, ta guardiak, señaleak kolore gorria markatzen duelako, alto ematen dio". Edo beste hau (utzi albora une batez ideologia): "Zure auzoan Maritxu izena duen neskatxa gazte eta eder bat bizi zan. Orain urte batzuek dirala, Donostiara neskame etorri zan, ta gaur egunean emakume galdua da, esaten dutenez. Neskame izatetikan atera zan eta gaur egunean ez dauka lan ezagunik. Gaur eguardian Avenida kaletik barrena ikusi dezu automobil batean dotore paseatzen pintatuta eta apain-apain. Iru bertso kantatu bear dizkiozu emakume orri". Tira, gai horretan badago "ofiziotik" harago doan lanketa bat. Eta gero kantatuko zioten, bai, beldurrari, edo amari, edo euskal ohitura zaharrari, gordin.

Zer esan nahi dudan honekin? Bada, sarritan uste dugula historia, kasu honetan gai-jartzailetzaren historia, loditzen doan soka bat dela; 35eko haritxo hura gaur eguneko txikot sendo bihurtu dela. Eta bada hala neurri batean, baina uste dut ikerketa sakon batek erakutsiko ligukeela hari-soka horretan hainbat korapilo daudela, azpi-hari solteak ere bai, soka etenak, matazak eta beste.

Gai-jartzaile eskola eratu genuenean ni neu arestian aipatutako adanismoan erori nintzen, eta iraganari kasu handirik egin gabe ekin genion lanketari. Gerora, gai-jartzailearen eskuliburu estimagarria berrirakurtzean konturatu naiz zenbat zor diegun gutxi-asko gabiltzan gai-jartzaileok egin diren halako lan apurrei. Irakurri ezazue eskuliburua, hainbat gauzatan zaharkitu bada ere, merezi du eta.

Beraz, ederra litzateke norbaitek ikerketa sakona egingo balu gai-jartzailetzaren joan-etorriei  buruz, formari eta edukiari buruz, gaietan txertatzen dugun ideologiari buruz eta abar.

Amaitzeko, eta inork ez dezan esan gaiari muzin egiten diodanik, hona nire iritzia egungo txapelketako gaiei buruz: susmoa dut impasse egoeran gaudela, txapelketa bera hala dagoelako. Aldaketa handiak izan ditu txapelketako gaitegiak urteetan zehar: nazionalismo sabindarra ezartzetik, gatazka politiko-armatua "xalo" agertzera; 90ko "barrokismo" puntutik, gaur egungo "heroismo" sozialera. Uste dut, indarraren indarrez, txapelketak hipertrofia moduko bat daukala giharretan eta horrek gaiei eta bertsolariei erasan diela. Sumatzen ditut hainbat bertsolari beldur moduko batekin gaiei aurre egiteko, haietan zirrikiturik aurkituko ez balute bezala beren ahotsa agertzeko. Eta gaiak bide eman behar du, bai, baina zirrikitua ere bai, bertsolariak inpentsadan bertsozalearen gogoan arrakalak sor ditzan.

Halako batean aldatuko da txapelketa, aurkituko dira formula berriak, eta seguru nago gai-jartzaileek asmatuko dutela beharrizan berrietara egokitzen.