Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Final laurdenetako bertsogintzaz

2017/10/17
"Txapelketatan koadernoa askotan aipatzen da. Motxila ere esaten zaio. Aldea dago ordea koadernotik koadernora. Bertsotik bertsora. Laritik larira eta keratik kerara. Nolako bertsolaria, halako koadernoa. Badira laukiak eta laukidunak. Badira bi marradunak, hortik irten gabe zuzen aritzeko. Orri zuriak dituztenak ere badira, non hasiko eta non bukatuko duten tankerik hartzen ez zaienak". Xabier Sukia bertsolari eta kazetariak final laurdenetako fasearen analisi xehea egin du.

"TOLOSAN BEHAR ZALA GAUZA ERABAKI"

Eta hantxe erabaki dira finalerdietarako postuak. Tolosan.

Txapelketatan koadernoa askotan aipatzen da. Motxila ere esaten zaio. Aldea dago ordea koadernotik koadernora. Bertsotik bertsora. Laritik larira eta keratik kerara. Nolako bertsolaria, halako koadernoa. Badira laukiak eta laukidunak. Badira bi marradunak, hortik irten gabe zuzen aritzeko. Orri zuriak dituztenak ere badira, non hasiko eta non bukatuko duten tankerik hartzen ez zaienak.

Baigorritik Tolosara sei saio jokatu dira. 36 bertsolarik abestu dute. 72 agur eta 540 bertso puntuagarri. Saio denetara koadernoarekin joaterik ez, eta gehienbat Baigorri, Leitza eta Zumaiako zenbait bertso eta bertsoaldi aletu ditzagun jarraian. Bertsogintzan bertsolariek erabiltzen dituzten ohiko zenbait baliabidez jabetzea da idatzi honen helburua. Sortze prozesuan normalean nahita, eta inoiz nahi gabe ere, egiten diren jokaldiak.

AHOTSAREN INDARRA 

Transmititzeko tresna nagusia da ahotsa. Hitzei indarra emateko. Bertsolariek kontzienteki menderatzen dute:

  • Indarra, tonua, bolumena: Miren Amuriza, Zalla. Kartzela. Jendea harri eta zur utziko lukeen argazkia atera berri duzu. Zalantzan zaude gorde ala zabaldu.

Bere buruari argazkia atera zion eskuko telefonoarekin. Doinu berria zekarren, azken aurreko puntuan errepikarekin. Horrek azken puntuari indarra emateko prestatzen du bertsolaria eta entzulea.   

"…ta ez dut nahi esan dezaten nintzela andre legala (bis)
baizik oroitu nazaten amona ausart bezala"

https://bertsoa.eus/saioak/2017-10-07-zalla

  • Erritmoa, isiluneen kudeaketa: Alaia Martin, Baigorri. Kartzela. Komisaldegitik deitu dizute agertu dela esanez.

Alabaren zain dagoen amaren paperean lasai eta gozo abestuz. Eta amaieran ziurtasunez:

"…bortxatuta hil dutela pentsatu izan dut halare
neskok beti beldurrera kondenatuta al gaude?"

https://bertsoa.eus/bertsoak/14649-kartzela-alaia-martin

  • Berezko indarra eta presentzia duten ahotsak: Unai Agirre, Agin Laburu, Aimar Karrika, Maddalen Arzallus, Miren Amuriza… audio grabazio uhinetan nabarmen ikusten da, bertso-kideek baino ozenago abesten dute beti.
  • Autore sinadura dutenak: Jon Maia, Jon Martin… Betiko doinuak ere desberdin kantatzeko joera dute. Beraien galbahetik pasata. Doinuak ere inprobisatuko balituzte bezala. Oso belarri oneko kantari dotoreak eta finak dira.

https://bertsoa.eus/bertsoak/14679-bukaerako-agurra-jon-martin

TESTUINGURUA

Bertso saio bakoitza oholtzan gertatzen da. Inprobisazioa taula gainean gauzatzen da. Ez da ordea zerotik hasten. Zozketa egiten den egunean ere hasten da zerbait. Aurretik dakizu non kantatuko duzun, norekin eta ze egunetan. Datu horiei esker ere lana egin dezake bertsolariak etxean. Egunean bertako testuingurua errepika ezina izaki  horrek eskaintzen dio bertsolariari orijinala izateko aukera. Aurtengo adibide garbi bat: Irailak 30, Segura eta urriak 1, Leitza. Erreferenduma Katalunian.

  • Jon Martin, Segura. Agurra. Lluis Llach abeslariaren kantu ezaguna, Agure zahar batek zion doinuan. Konektatzeko ahalegina.

"…Zenbakiak, zenbaki
Seikoak bertsotan daki
ta haien bidez nahi genuke nor garen erabaki"

https://bertsoa.eus/bertsoak/14668-hasierako-agurra-jon-martin

  • Felix Zubia, Segura. Kartzela. Prentsaurrekoa ematen ari zara. Galderen tartean, azken galdera bat egin dizute. Erantzun gabe alde egin duzu. Puigdemont-en larrutik kantatu zuen: 

"Carles da nire izena
Puigdemont daukat abizen…
…galdera aditu eta kanpora nijoa zuzen
ezin liteke galdetu kartzelara noiz goazen"

https://bertsoa.eus/bertsoak/14677-kartzela-felix-zubia

  • Unai Agirre, Leitza. Agurra. Espainiako poliziaren oldarraldia mundu osoak ikusia zuen arratsalderako. Hasierako agurrean:

"… hau ikusita ez du merezi gu hemen urduritzeak"

  • Aimar Karrika, Baigorri. Agurra. Etxamendi eta Larralderen kantu eta doinu ezaguna, Agur jende maitia izenekoa. Doinuaren jatorria Eperra kantuan dago. Erabilitako hitzak: “Iparla, Iparra, Nafarroa, Xalbador… eta Baigorri”

https://bertsoa.eus/bertsoak/14663-hasierako-agurra-aimar-karrika

DOINUAK BERRI

Bakarkako ariketatan doinu berriak plazaratzeko joera ez da berria, baina areagotzen ari dela dirudi. Orain lau urteko txapelketan Maialen Lujanbiok saio bakarra egin zuen, finalekoa. Elgeta trikiti piezan oinarritutako doinua plazaratu zuen. Geroztik ez omen du sekulan doinu hori erabili. Pentsa zenbatek erabili duten lau urteotan. Amets Arzallusek ere plazaratu zuen berea aurreko txapelketan. Final laurdenotan ere doinuak berri izan dira:

  • Aimar Karrika, Baigorri. Agurrean ez ezik kartzelako ariketan ere Etxamendi eta Larralderen beste doinu bat moldatu zuen bertsotarako. Allenderena izeneko kantutik dator.

http://www.eitb.tv/eu/irratia/euskadi-irratia/hitza-jolas/5049915/5100349/hitza-jolas-irailak-24-baigorrin-hasi-da-txapelketa-nagusia/

  • Oihana Iguaran, Leitza. Ismael Serrano kantariaren Papa cuentame otra vez kantuan oinarritutako doinua bertso moldera ekarria.

https://bertsoa.eus/bertsoak/14690-kartzela-Oihana-iguaran

  • Agin Laburu, Leitza. Imanol Kamio musikariak egindako doinua.

https://bertsoa.eus/bertsoak/14692-kartzela-agin-laburu

  • Julio Soto, Leitza. Nerea Urbizu musikariak egindakoa doinua.

https://bertsoa.eus/bertsoak/14691-kartzela-julio-soto

  • Iñaki Apalategi, Leitza. Berak sortutako doinua.

https://bertsoa.eus/bertsoak/14697-kartzela-inaki-apalategi

  • Miren Amuriza, Zalla. Jorge Negreteren Mexico lindo y querido kantu ezaguna bertso moldera ekarria.

https://bertsoa.eus/saioak/2017-10-07-zalla

  • Nahikari Gabilondo, Zumaia. Beste kantu baten hasierako entzunda berak sortutako doinua.

https://bertsoa.eus/bertsoak/14736-kartzela-nahikari-gabilondo

Autore bertsolaritzaren isla ote? Bakoitzak bere bidea egin nahia marka sortuz, hitz berriak ez ezik doinu propioak plazaratuz.  

Ofizioetako ariketatan ere ahalegin berezia sumatu da doinuen erabilerari dagokionez. Kasu honetan doinu berriak ez baina bertsotan gutxi erabilita daudenak argitara ateratzean dago gakoa. Ausardia behar da. Ofizioa biren arteko kontua da eta arriskua partekatua da. Batek akaso oso ondo menderatu dezake doinu hori baina besteak ez. Gertatzen da bertso eskola bereko kideak izatea eta lehendik ere doinu horretan aritu izana elkarrekin. Leitzakoa aurten San Poto eta San Doinu eguna izan da. Publikoaren belarrientzat zorioneko hiru momentu:

  • Unai Agirre eta Iñaki Apalategi, Leitza. Zortziko Handia.

https://bertsoa.eus/bertsoak/14683-zortziko-handia-xx2

  • Oihana Bartra eta Unai Agirre, Leitza. Zortziko txikia.

https://bertsoa.eus/bertsoak/14694-zortziko-txikia-oihana-bartra-eta-unai-agirre

  • Julio Soto eta Agin Laburu, Leitza. Zortziko Txikia.

https://bertsoa.eus/bertsoak/14684-zortziko-txikia-xx1

BAKARKAKO GAIAK

Gaiak ez dira erabat irekiak izan baina diskurtsoaren premia zuten. Ipuin bat asmatu behar zen. Pertsonaiak zehaztu.

Baigorri, kartzelako gaia: Komisaldegitik deitu dizute agertu dela esanez.

Minutu batean hartu beharreko erabakiak: Zergatik deitu didate? Zer agertu da? Zer edo nor galdu da ba?

  • Beñat Ugartetxea, Baigorri. Ohikoa duen bere barre eginarazteko estiloan:

"… herrian festa eguna
pozik ni eta laguna
badaezpada poltsikoan gorde
nuen ezkon eraztuna"

Beraz bagenekien zer galduko zuen. Eraztuna. Eta hau baino modu politagorik eta ikusgarriagorik hori esateko? Argazki bat da azken puntu hau:

"… eta etxera itzuli nintzen
prakak belarriak bistan"

http://www.eitb.tv/eu/irratia/euskadi-irratia/hitza-jolas/5049915/5100349/hitza-jolas-irailak-24-baigorrin-hasi-da-txapelketa-nagusia/

ERRIMA

Bertsoak ibili behar badu oinak behar ditu. Errima-arrazoi deitzen diegu gaiari oso lotuta dauden oinei. Momentuan sortutakoak dira askotan. Egokitasunak ematen die indarra.

  • Beñat Ugartetxea eta Alaia Martin, Baigorri.

Lagunak dira. Bestan dabiltzala, hauen lagun bat borrokan hasi da ondokoekin. Tartean sartuta, borroka baretzea lortu dute. Ez da lagunak horrelako zerbait egiten duen lehen aldia.

Taberna giroko gaia, taberna giroko oinak Alaia Martinek: 

"… Laguntasuna ez du ekartzen soilik tabernako barrak
batera edan behar ditugu trago onak eta txarrak"

http://www.eitb.tv/eu/irratia/euskadi-irratia/hitza-jolas/5049915/5100349/hitza-jolas-irailak-24-baigorrin-hasi-da-txapelketa-nagusia/

Tabernako barratik beste barra batera.

  • Aimar Karrika eta Xabi Maia, Baigorri.

Aimar adineko baserritarra da. Xabik ogi banaketan egiten du lan, eta urteak dira egunero pasatzen dela Aimarren baserritik. Gaur, Xabik Aimarri erran dio okindegiak banaketa zerbitzua kenduko duela.

Karrikak gaiari lotuta oin batekin amaituz:

"… Nire bi hankak badira
ia bi ogi barra"

Maiak mamiarekin erantzuten dio:

"… nahiz eta azaletik baduen gehiago
negozio honetan mamirik ez dago"

https://bertsoa.eus/bertsoak/14652-hamarreko-txikia-aimar-karrika-eta-xabi-maia

  • Jon Martin, Segura. Puntua: 

Fandango, arin arin, regetoi ta rocka
"… nik hanketan egurra, gerrian arroka"

https://bertsoa.eus/bertsoak/14671-puntu-erantzunak-jon-martin

  • Mikel Artola, Baigorri. Puntua:

Modan jarrita dago ekologikoa:
"… nik hola betetzen dut frigorifikoa"

http://www.eitb.tv/eu/irratia/euskadi-irratia/hitza-jolas/5049915/5100349/hitza-jolas-irailak-24-baigorrin-hasi-da-txapelketa-nagusia/

  • Beñat Ugartetxea, Baigorri. Puntua:

 Denon eskubidea da etxebizitza
"baina denok ez dugu etxe baten giltza…"

http://www.eitb.tv/eu/irratia/euskadi-irratia/hitza-jolas/5049915/5100349/hitza-jolas-irailak-24-baigorrin-hasi-da-txapelketa-nagusia/

ERREJISTROA

Gaiarekin lotura zuzena duten izenak eta elementuak sartzeak sinesgarritasuna ematen dio bertsoari, bertsoaldiari, diskurtsoari. Dendaria bazara, hitz egin dendari batek bezala. Umea bazara, izan ume.

  • Nahikari Gabilondo eta Nerea Ibarzabal, Zumaia.

Nahikari gozoki-denda bateko langilea. Nerea bezeroak denbora luzea darama dendan bueltaka. Nahikari laguntza eskaintzera joan denean, ahoa beteta daukala harrapatu du Nerea. Dendaria hasita.

"…Ahoa hemen hustea ez ezazu pentsa
baina utzi patrikan duzun Palotes-a"

Ibarzabalek bere lehen bertsoan bere buruaren aurkezpena egiten du. Bederatzi urte dituela esan eta erregistroa zaintzen du amaierara arte. Ume bat aritu zen bertsotan.

"Palotes hori gero probatu nahi nuke
bakarrik dauzkat eta bederatzi urte
ta ipuinek horrenbeste fantasia dut
sorginek gozokiak pozoitzen dituzte"

Bertsoaldi honetan Ibarzabalek gorputz espresioa erabili zuen bigarren bertsoan. Umearen paper jolastiari eutsiz, bi begiak itxi zituen bere bi eskuekin, dendariak bera lapurretan ikus ez zezan. Ume baten okurrentzia. Kasu honetan keinua horrek mezuari indarra eman zion publikoarekin feedback-a sortuz.

"… harrapatu egin nauzu gozokiak biltzen
ikusten ez bazaitut ez zara existitzen(eskuekin bi begiak estalita)

 Dendariak zuzen eta dotore eutsi zion bere erregistro pipertuari eta umeak azken bertsoan adarjotzeari heldu zion hitz pertinente batekin:

"… ta umore txar horri emaiozu buelta
pika-pika gehiegi jan dituzu eta"

https://bertsoa.eus/bertsoak/14727-zortziko-txikia-nahikari-gabilondo-eta-nerea-ibarzabal

SORTZE PARTEKATUA

Askotan bertsoaldiaren norabidea alda dezake bertso kidearen hitz bakarrak. Bertso bateko detaileak diskurtsoaren ibilia baldintzatu dezake. Bertsoaldi honen hasieran “zapatilak” aipatzen dira eta gero etorri zen gainontzekoa … Gora Zapata!

  • Aimar Karrika eta Beñat Ugartetxea, Baigorri. 

Aimarrek arropa denda bat du. Beñat Aimarren dendara etorri den bakoitzean, arropa andana probatu eta deus erosi gabe atera da.

"… zapatila politak dituzu gainera
Ai! Etxean ahaztu zait berriro kartera"

"… karteraren bila joan etxera jakina
ez baduzu probatu nahi nire espartina"

"etxera joango naiz bai lagun korrika
Baina joan al naiteke zapatak jantzita?"

"Maiteminduta nago zapata horiekin …"

https://bertsoa.eus/bertsoak/14662-zortziko-txikia-aimar-karrika-eta-benat-ugartetxea

IDEIEN ANTOLAKETA

Bakarkako ariketatan gai bati hiru bertso kantatu behar zaizkio. Denbora ondo kudeatuz komeni da kantari hasi aurretik bertso bakoitzean zer esan ondo antolatzea. Hori gutxienez. Gehienek hala egiten dute. Edo denek. Lehenbiziko bertsoak ondorengo bietan kontatu beharrekoa baldintzatu dezake.

  • Asier Otamendi, Zumaia. Kartzela

Zaborretara botatzera joan zara, baina gorde egin duzu azkenean.

Otamendik, itxuraz, lehen bertsoan, arrazoi arin bat bota zuen. Zer gorde zuen?

"… hamalau urte nituenean lapurtu nuen Play Boy-a"

Bertso hori entzutean pentsa zitekeen, zer esan behar du honek datozen bi bertsoetan? Ba amaiera “arin” batetik ur sakonetara egin zuen jauzi. "Play Boy" batetik “sexu heziketara”.

"… rebista hontara mugatu baitzen gure sexu heziketa"

"… gaur heziketa izan dezaten zabala eta anitza"

https://bertsoa.eus/bertsoak/14738-kartzela-asier-otamendi

BESTE ZENBAIT BALIABIDE

Gauza bakoitzari bere izena jartzeak komunikazioa errazten du. Esandakoa entzuten ez ezik ikusi ere egiten da batzuetan. Ez da gauza bera "neska" edo "Eider" esan. "Semea" edo "Jokin". "Kotxea" edo "Opel Corsa". "Presidentea" edo "Puigdemont" esan.  Fase honetan zehaztutako zenbait adibide:

  • Xabier Maia, Baigorri. Elkarte baten izena esan behar eta Baigorriko "Basaizea elkartea" eta "Nafarroaren eguna" aipatu zituen.
  • Beñat Ugartetxea, Baigorri. "Play Boy errebistan, pelaje ziklistan, Kubatak listan…"
  • Felix Zubia, Segura. Katalanez esandako hitzak Puigdemonten larruan.
  • Alaia Martin, Baigorri. Irrati esatariak bere zuzendariari:

"Izaro, Esne Beltzak ta bi kuña zatik
betetzen nau Laboan hainbeste esaldik
Mila esker hegoak ez mozteagatik"

Hiperboleak, esajerazioak, handitzeak eta puzteak esan-indarra areagotzeko. Mezua urrunago iristeko. Grazia egiteko.

  • Agin Laburu, Leitza. Erizainak pazienteari:

"… besoak baina orratz lodiagoakin"

https://bertsoa.eus/bertsoak/14684-zortziko-txikia-xx1

HITZAK JOLAS

Bertsotan egitearen oinarrian hitzaren jolasa dago. Hitza jolas bihurtzen denean gozatzen du gehien bertsolariak eta entzuleak. Bertsoaren erdiko puntuetan egiten diren hitz jokoak arraunean poparean olatua hartzea bezala dira. Kontrasteak, elipsiak, anaforak, errepikapenak, esamoldeak… Zenbait adibide hizkuntzaren aberastasunaren seinale:

  • Alaia Martin, Baigorri. "Gaizki ikasia zara eta ongi hezia"
  • Arkaitz Oiartzabal, Zumaia. Bizilagunari: "bizia zara baina ez zara laguna"
  • Xabi Maia, Baigorri. "gaur egin daitekeena ez utzi biharko"
  • Alaia Martin, Baigorri. "Hotzikara bat sartu nahi nuke mamiaren azalean"
  • Beñat Ugartetxea, Baigorri. "arratoi txakurra", "neurriko zapata"
  • Ander Lizarralde, Baigorri. "usoa eta pajaroa"

Jarraitu begiak eta belarriak tente. Finalerdietan ere izango dira airean harrapatu beharreko euliak. Izango dira doinu berriak eta bertso berriak. Eta koaderno berriak. Amaitzeko datutxo bat: orain lau urte finalerdietara pasa zen azken bertsolariak 631,5 puntu behar izan zituen. Aurten 651,5. Bertsolari hobeak al dira aurtengoak?

Xabier Sukia.