Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bertsolari Txapelketaren finala

2018/01/11
"...egun bizi eta luze hori amaitu ondoren, argi baino argiago zegoen: bai bertara hurbilduek eta bai lehiakideek ere euskara maitatzen dute. Bertsolarien arteak hizkuntza biziarekiko maitasunean du sorburua eta, aldi berean, maitasun horrek artea goraipatzen du". Kultura herrikoian da aditu Karin Barber antropologoa, eta ahozko eta idatzizko kultur sorkuntzak ditu interesgune, bereziki Nigeriako Yoruba hizkuntzakoak. Birminghameko Unibertsitatetik etorri zen ikertzailea, finala Mintzola Terrazatik jarraitzeko.

[JATORRIZKOA, INGELESEZ]

Abenduaren 17an, igandearekin, inoiz ikusitako ekitaldirik liluragarriena bizi izan nuen. Hain zuzen ere, Bertsolari Txapelketaren finalean egon nintzen. Goizeko bederatziak ziren. Bi ordu falta ziren txapelketa hasteko, baina milaka lagun zeuden Bilbao Exhibition Centre eraikinerako bidean, areto erraldoian eserlekurik onenak eskuratu nahian. Hamaiketarako jendez beteta zegoen aretoa; eserleku librerik ez. Hara hurbildutakoek adi-adi entzun zieten zortzi finalistei egun osoan eta barre egin zuten bertsolarien hitz-trukaketa burutsu eta irrigarrien eraginez; era berean, batzuek negar ere egin zuten bertso sakonek hala eskatu zutenean.

Aspalditik gustatzen zait bertsolaritza. Banekien bertsoak bat-batean kantatzeko herri-tradizioak erro sakonak zituela. Baina, egun horretan ohartu nintzen, lehen aldiz, zein trebeak izan behar duten bertsolariek: metrika, erritmo, forma eta gai zehatz batzuk bete behar dituzten bertso horiek ezin azkarrago osatzen dituzte. Nazio-txapelketa honen helburua gaitasun horiek noraino edo zein muturretaraino iritsi daitezkeen neurtzea da. Atal batzuetan, bi bertsolarik elkarri erantzun behar zioten. Gai bat garatzen zuten edo emandako gai baten inguruko ikuspegiak partekatzen zituzten elkarrekin. Ariketa dibertigarri bat osatuz, lerro batetik bestera bertsolarien txanda aldatzen zen eta ondo-ondotik jaurtitako hitzei erantzun behar zieten ziztu bizian. Beste atal batzuetan, bertsolariak bakarka aritzen ziren, eta emandako gai bati buruzko bertso zail eta sakon batzuk sortu behar izan zituzten. Ariketa horiei aurre egiteko izugarrizko ahozkotasuna edukitzeaz gain, beste baten larruazalean jartzeko gaitasuna ere izan behar dute bertsolariek, ariketetan emandako rol desberdinak betetzeko: batean, adibidez, aita-semeek bideo-kontsolaren jabe izan nahi dute edo, beste batean, bikote lotsati batek beren lehen hitzorduan senide eta lagun guztiekin egiten dute topo jatetxean. Beste ariketa batzuetan, berriz, agertokia eta rola asmatu behar dituzte emandako gako-esaldi batera egokitzeko, besteak beste: gelan sartu nintzenean, isil-isilik geratu ziren denak edo bada 30 minutu auto bat nire atzetik dabilela...

Txapelketan parte hartu zuten zortzi bertsolariek bide luze eta gogorra egin dute finalera ailegatzeko, hilabeteetan tokiko eta eskualdeko txapelketetan parte hartuz. Finala azken gailurra zen eta, ziur aski, bertsolariek dantzan izango zituzten nerbio guztiak. Baina, hala ere, zintzo baino zintzoago jokatu zuten elkarrekin eta hori izan zen, hain zuzen ere, gehien harritu ninduena. Binaka aritu zirenean, elkarlana nabariagoa izan zen lehia baino eta bertsolariek behar besteko informazioa eman zioten elkarri. Elkarren artean moldaketak egiteko eta erantzuteko gaitasunak bidea eman zioten ekitaldiari.

Nola egin zuten? Bada, gaur egun, bertsolariak adituak eta ele-ederrak dira, bertsolaritzaren arteari dagokionez. Trebakuntza, prestakuntza, teknika eta bertso-saioetan jarraitzen dituzten prozesuak xehetasunez azal ditzakete. Hala ere, egiten dutena miresgarria dirudi, ia-ia. Antza, txapelketak berekin dakartzan norgehiagoka, erronka eta baldintza artifizial horiek guztiek, ikuskizuna mugatu beharrean, ikuskizuna sustatzen dute. Sormena eragotzi beharrean, sormena muturreraino sustatzen dute erronka hauek, zeren eta, bertsolariek sortutako poesia ederra, originala, gogoangarria, sotila eta iradokitzailea izan baitzen. Bikainak dira zortzi lehiatzaileak, bakoitza bere estiloarekin. Irabazleak, Maialen Lujanbiok, sakontasun, dramatismo eta indar handiko hainbat agertoki asmatu zituen: drogazale bat, bihozminez eta tristuraz beteriko urte asko pasatu ondoren, familiaren etxera itzuliko da, baina familiak ez dio ongi etorririk emango; prostituta batek ez daki erruduna nor den, bera ala bezeroa, baina jakin badaki bera izango dela galtzaile bakarra. Harrigarria bada ere, Maialenek minutu erdi bat besterik ez zuen izan agindutako gaiaren inguruko hausnarketa egiteko eta, horrekin, egoera osoa, pertsonaia, istorioa eta gaiaren inguruko hausnarketa filosofikoa asmatu zituen. Elementu horiek guztiak, gainera, maisutasunez osatutako eta akatsik gabeko bertso delikatuen bidez eskaini zizkigun.

Aldibereko itzulpengintza-zerbitzua bikaina izan zen eta, horri esker, ekitaldi bikain honen zirrara sentitu ahal izan nuen, nahiz eta euskara ez jakin. Are indartsuagoa izango zen sentimendua metaforak, anbiguotasunak, zorroztasunak eta hitz-jokoak harrapatzeko gai izan banintz, aretoan zeuden milaka euskaldunek egin zuten bezala, esan baitidate elementu horiek Maialenen lanaren ezaugarriak direla, baita bertsolaritzaren berezko ezaugarriak ere.

Zuzeneko inprobisazioa zazpi ordu edo gehiagoz luzatu zen eta egun bizi eta luze hori amaitu ondoren, argi baino argiago zegoen: bai bertara hurbilduek eta bai lehiakideek ere euskara maitatzen dute. Bertsolarien arteak hizkuntza biziarekiko maitasunean du sorburua eta, aldi berean, maitasun horrek artea goraipatzen du. Ikastetxeetan, borondatezko ikastaroetan, ikerkuntzan, hedabideetan eta antolatutako bestelako ekimenetan (lau urtean behin egindako txapelketa hau barne) landutako sustapena, hau da, hizkuntza honen ahozko artearen sustapena, arrakasta paregabea izan da. Euskaldunek bizirik maite dituzte beren hizkuntza eta beren kultura eta maitasun hori gabe, pentsaezina izango zen hau guztia.

Mila esker Mintzola Ahozko Lantegiari, ikuskizun liluragarri hau bizitzera gonbidatzeagatik.