Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Joanes Illarregik irabazi du Zangozako final-laurdena

2021/10/10
Finalaurrekoetarako sailkatzea ziurtatu du Leitzako bertsolariak, atzo Eneko Lazkozek eta aurreko asteburuan Eneko Fernandezek egin bezala. Ia 200 lagun elkartu dira Zangozako Karmengo Auditorioan, ekitaldia jarraitzeko.

Zangozan jokatu da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurdena, Karmengo Auditorioa bete duten ia 200 lagunen aurrean. Han izan dira bertsotan Joanes Illarregi Marzol, Xabat Illarregi Marzol, Sarai Robles Vitas, Xabier Silveira Etxeberria, Mikel Lasarte Cia eta Oier Lakuntza Irigoien. Zigor Gartzia "Zian" aritu da gai-jartzaile, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Zangozako Udalaren laguntzarekin antolatutako saioan.

Bertsolarien artean, Joanes Illarregi Marzol (349) izan da puntu gehien eskuratu duena, eta ondorioz, saioa irabazi eta finalaurrekoetarako pasea ziurtatu du. Zehazki, azaroaren 14an Leitzan egingo den hirugarren eta azken finalaurrekoan izango da Leitzako bertsolaria. Haren atzetik gelditu dira Xabat Illarregi Marzol (344,5), Sarai Robles Vitas (329,5), Xabier Silveira Etxeberria (328), Mikel Lasarte Cia (314) eta Oier Lakuntza Irigoien (300,5). Horiek final-laurdenen fasea amaitutakoan jakingo dute finalaurrekoetan izango diren ala ez; oraingo 24 bertsolarietatik 18k lortuko dute sailkapena.

Honela geratu da saioaren puntuazioa:

1. Joanes Illarregi Marzol. 349
2. Xabat Illarregi Marzol. 344,5
3. Sarai Robles Vitas. 329,5
4. Xabier Silveira Etxeberria. 328
5. Mikel Lasarte Cia. 314
6. Oier Lakuntza Irigoien. 300,5

Heldu den larunbatean jokatuko da laugarren eta azken final-laurdena, Donezteben. Han izango dira kantuan Julio Soto Ezkurdia, Josu Sanjurjo Altzuri, Iker Gorosterrazu Elizagoien, Ekain Alegre Gil, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien eta Sahats Aleman Sadaba, Maialen Belarra gai-jartzaile dela. Sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Joanes Illarregi, gaur Zangozan izandako saioan kantari.