Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Aurkezpena

Uste baino beranduago dator 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, 45.ena. Urte hasieran izan behar zena pandemiak atzeratu zuen, eta udazkenera ekarri. Bitartean, hankaz gora jarri zaigu bizitza, eta bizitzarekin, bertsolaritza. Izurriak erabat moteldu du bertso plaza, eta agerian utzi du kulturgintzaren hauskortasuna. Eta beraz, txapelketak bultzada ere izan nahi du, plazak berriz indartzen joan daitezen, eta aldarri, bertsogintzaren eta kultur sorkuntzaren defentsan. Kultura, erantzukizunez, segurua da.

Bi hilabetez, Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Bide bat bertsoarena, euskara Nafarroan barrena barreiatzeko, mila kolore eta mila Nafarroa diren Nafarroa honetan. 29 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin aurrekanporaketak igarota, 24 izanen dira Izaban abiatuko den ibilbidean. Azaroaren 28ra arte, zortzi saiotan ariko dira, beste horrenbeste herrietan. Iruñeko Anaitasuna kiroldegian elkartuko dira batzuen eta besteen bideak, finalean. Bertsolariekin batera, epaileek, gai-jartzailek, antolatzaileek eta hamarnaka laguntzaileek eginen dute posible egitasmoa.

Urteak joan urteak etorri, Nafarroako euskal kulturaren ekitaldi garrantzitsua bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Baina ez da bat-bateko lorea, urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu baizik, eta bertsolaritza transmititzeko egindako lan eskergaren ondorio zuzena. Gozatu eta gozarazteko unea iritsi da. Iritsi da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa.