Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Ariketa berriekin eta talde-lan handiagoz abiatu zen Iturenen bigarren fasea

2014/03/10
Sei talde dira Bardoak taldekako txapelketarako sailkatzea lortu dutenak. Horiek beste horrenbeste saio jokatu beharko dituzte, martxoa amaitu bitartean. Larunbatean Iturenen izan zen lehena, Etxeko Kontuk eta Bertze Maldiko taldeekin. Hurrengoa, ostiralean, Elizondon.

Bardoen bigarren fasea abiatu zen larunbatean Iturenen egin zen saioarekin. Giro ederra sortu zen Herriko Etxeko ganbaran, 50 bertsozale inguruk segitu zuten saioa bertatik bertara, eta bertsolariek egin zuten lana babestu eta lagundu zuten. Saioa merendu oparo batekin amaitu zen.

Ituren. Bertsozaleak

Baztan-Malerrekako Etxeko Kontuk eta Iruñeko Bertze Maldikoak taldeak aritu ziren Iturenen. Saio bizia eta umorez beterikoa eskaini zuten. Bardoak ekimenaren bigarren faseak hainbat lan berri ditu eta horiekin are gehiago sumatu zen talde lanaren garrantzia. Azkenean, etxeko taldearentzat izan zen jokoan zegoen puntua. Bi talde hauen bigarren saioa hilaren 29an izanen da, Iruñean.

Ituren. Etxeko kontuk

Hori baino lehenago Bardoak taldekako ekimenaren bigarren faseko beste saio batzuk jokatuko dira. Hurrengo ostiralean, hilaren 14an, Elizondoko Lepatanatuek 2 eta Lesakako Zortziko Haundiena taldeak arituko dira; 20:30ean Intza ostatuan.

Martxoko azken asteburuan, berriz, Bardoen bigarren faseko azken lau saioak jokatuko dira, Igantzi, Leitza eta Iruñean bi.

Bardoak 2014
  • Otsailak 7 - Apirilak 12

  • 16 talde

  • 110 parte-hartzaile

  • 60 bertsolari

  • 23 saio