Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Irailaren 14an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

2019/07/16
Oñatiko Santa Ana Antzokian hasiko den 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan 48 bertsolarik hartuko dute parte. Hiru hilabete iraungo ditu txapelketan eta finala abenduaren 14an jokatuko da Donostiako Illunben. Saio guztietarako sarrerak zein bonuak irailaren 2an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean.

16 saio izango ditu irailaren 14an hasi eta abenduaren 14an amaituko den 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Oñatin hasi eta Donostian amaituko da eta 48 parte hartzaile izango ditu. Horietatik 34 bertsolarik maiatzean jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela. Gainontzeko 14 bertsolariek duela lau urteko finalaurrekoetara sailkatuta eskuratu zuten txartela. Horiez gain, 15 gai jartzaile, 16 epaile eta 4 idazkari eta laguntzaile ugari izango dira txapelketan lanean.

Hiru hilabetez, 16 saio jokatuko dira Gipuzkoan barrena: zazpi final-zortziren, bost final-laurden, hiru finalaurreko eta finala. Lehen saioa Oñatiko Santa Ana Antzokian izango da, irailaren 14an. Hortik aurrera, ia astero izango dira saioak, fasetik faserako asteburuetan izan ezik.

Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa abenduaren 14an amaituko da Donostiako Illunben egingo den finalarekin. Bertan, sailkatzea lortzen duten zortzi bertsolariek hartuko dute parte.

Irudia eta sintonia

2019an, 100 urte betetzen dira Pello Errota bertsolari asteasuarra hil zela. Hori dela-eta, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak keinu txiki bat egin nahi izan die Pello Errota eta Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarrei eta txapelketako sintonia eta irudia sortzeko abiapuntu gisa hartu du urteurrena.

2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sintonia Don Inorrez musika taldeak egin du. Sintonia, irailaren 7an, Asteasun, parte hartzaileekin egingo den aurkezpen festan aurkeztuko da, txapelketako aldizkariarekin batera.

Irudia eta diseinu lanak, berriz, Lanku Kultur Zerbitzuak erakundeak sortu eta garatu ditu.

Sarrerak eta jarraipena

Saio guztietako sarrerak eta bonuak irailaren 2an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia izango dute sarreretan. Halaber, Bertsozale Elkarteko bazkideek bonua eskuratu ahal izango dute, finalerako ez beste saio guztietarako balio duena.

www.bertsozale.eus webguneak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren informazio osoa eta eguneratua eskainiko du. Horrez gain, www.bertsoa.eus atariak txapelketaren jarraipen berezia egingo du.

Sare sozialetan ere Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen profilen bitartez segimendua egingo zaio Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari, #GBTX19 traola erabiliz.

 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren aurkezpenean, Asteasun, Saroi Jauregi, Pili Legarra eta Maria Jose Telleria.