Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2019

Ura, egurra eta harria. Errekako ura errotara ekarri eta errotarria bueltaka-bueltaka jartzen du, etenik gabe, egun eta gau. Aleak apurka-apurka eroriko dira, eta xehatuko, irin bihurtu arte. Eta bizibide bihurtuko da eskulanaren emaitza. Nekez aurkituko ditugu bi errota edo errotarri berdin-berdin. Bakoitzak du bere moldea, bere izaera bereizgarria.

Halatsu funtzionatzen du bertso mugimenduak ere. Etenik gabe, eta bueltaka-bueltaka. Bertsozalearen etengabeko emaria da errota mugiarazten duena, bertsolaritza aleka-aleka elikatzen duena.

Sormena da bertsolariaren emaria. Ale ederrak dakartzana. Molde eta izaera bereizgarri horien guztien erakusgarri izan nahi du, irailaren 14an, Oñatin hasi eta, abenduaren 14an, Donostian amaituko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. 

Goza dezagun, beraz, eskulan horren emaitzarekin.