Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xabier Amurizak jantziko dio txapela 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari

2016/12/12
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Amurizak egindako plazako eta isileko beharra eskertu gura izan ditu, eta horregatik, berak jantziko dio txapela aurtengo Bizkaiko Txapeldunari.

Xabier Amuriza Sarrionandia bertsolariak jantziko dio txapela 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari. Zapatu iluntzean izango da hori, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean. Finala 17:00etan hasiko da Bilbao Arenan, Bilbon.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Talde Antolatzailearen erabakiz izango da Xabier aurtengo txapel ipintzailea. Bertso munduko erreferente handia dugu Xabier: bai bertsolari moduan, txapeldun ere izan delako, baita bestelako jardueretan egindako beharrean ere. Bertsolaritzari iraultza ekarri zion Xabierrek: aro berria ekarri zuen. Dudarik barik, bertsolaritza modernoak eduki duen figura nabarmenetakoa da.

Aurten plazetatik erretiroa hartu du Xabierrek, baina berak aitordu duen moduan, "bestelakoetatik ez". Bizkaiko Bertsozale Elkarteak omenaldi txiki hau egin gura izan dio: aurtengo txapeldunari txapela jaztea. Horrela, zapatuan Bilbao Arenako oholtza gainera igoko da, eta berak edukiko du 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari txapela jazteko ohorea.