<!DOCTYPE html> Zozkatu ditugu gure lehiaketako sariak — Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017
Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Zozkatu ditugu gure lehiaketako sariak

2017/12/04
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako hiru sarrera bikoitz eta Irisarri Land abentura parkean lau lagunentzako egonaldia zozkatu ditugu. Sarituen izenak bakarrik ez eta galdetegiaren erantzunak jakin nahi?

169 erantzun sorta jaso ditugu Bertsolari Txapelketa Nagusiaren baitan egin dugun lehiaketaren haritik: Irisarri Land abentura parkean lau pertsonentzako egonaldia eta abenduaren 17ko finalerako hiru sarrera bikoitz zozkatu ditugu.

Sarituak zeintzuk izan diren jakin aurretik, gure Hamarreko Handiaren erantzunak jakiteko irrikitan izango zarelakoan gaude... hona hemen:

1. GALDERA: Latinezko Salve Regina kantu gregoriano ezagunean oinarritu zen Amuriza hamarreko handira sentimenduzko doinu berri bat moldatzeko. Zein txapelketetan plazaratu zuen?

Erantzuna: 1980ko txapelketan. Xabier Amurizak hiru aldiz kantatu behar izan zuen gaia emanda final hartan (1980-01-06) eta hiru doinu berri erabili zituen "Sentimendua sartu zitzaidan” (galderan aipatzen dena) “Gai horrek badu mamia (hamabiko ertaina) eta ”Aita izena kanta beharrak” (hamarreko handia) Hirurak ere aski ezagunak eta egun maiz erabiliak.

2. GALDERA: Andoni Egañak txapelketan kantatu duen azken bertsoa 2009an kantatutako agurra izan zen. Jon Maiak kantu ezagun batetik birmoldatutako doinuan kantatu ere. Norena da jatorrizko doinua?

Erantzuna: Bob Marleyrena. Azpeitiko Gaztetxean, 2006-03-17an, egin zen saio batean ekarri zuen bertso mundura Jon Maiak. Saiora bidean irratian entzun zuen Bob Marleyren "Redemption song" kantua, eta ondoren bakarkako lanean erabili zuen. Hasiera batean sei puntukoa zen doinu hau, baina gerora zortzi puntura luzatu dute.

3. GALDERA: Zein izan da Txapelketa Nagusiko final gazteena? Hau da, zein finaletan izan da baxuena adinaren batazbestekoa?

Erantzuna: 2001ekoa. Hogeita zortzi urtetik beherako batazbestekoa du final horrek (27,625) Aurtengoak 38tik gorakoa izango du, izan ere orduko lau finalistak (hamasei urte zaharrago) daude final hartatik. 2001eko hartan zaharrena, txapeldun izango zen Andoni Egaña zen, 40 urterekin. Eta gazteena, inoizko finalista gazteenaren titulua duen  Sustrai Colina 19 urterekin. Hemeretzi urterekin kantatu zuten baita ere Jon Sarasuak (1986) eta Unai Iturriagak (1993). Final gazteenean, 2001ekoan, final atarian bederatzigarren, aurreko hilabetean hemezortzi urte bete zituen gazte bat geratu zen: Amets Arzallus.

4. GALDERA: Txapeldun gazteena Iñaki Eizmendi "Basarri" da 21 urterekin. Eta bigarren txapeldun gazteena? 

Erantzuna: Sebastian Lizaso. Hogeita zortzi urte zituen 1986an Belodromoan On Manuel Lekuonak txapela jantzi zionean. Aurtengoak gutxienez 30 urte izango ditu. Beraz, ez da erraza izango aurrerantzean gazteenen "errekorra" puskatzea, baina agian zailagoa zaharrenarena: 75 urteekin jantzi zuen txapela Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirritak.

5. GALDERA: Egañak jokatu ditu final gehien. Eta hurrengoa edo hurrengoak?

Erantzuna: Jon Lopategi eta Unai Iturriaga. Egañak zazpi egin zituen eta bi hauek seina. Gazteak, Unaik, jarraian egin ditu seiak, ez joatea erabaki duen honako hau arte. 1993an sartu zen lehenengoz eta geroztik 2017koa izango du beheko aulkietan entzungo duen lehena. Jon Lopategi hirurogeiko hamarkadetan aritu zen finaletan 1962an lehena 28 urterekin. Uztapidek irabazitako hiruretan egon zen (1962-1965-1967). Amurizaren lehenengoan ez zuen parte hartu, bai ordea hurrengoan (1982) bigarren geratuz. Postu bera egingo zuen hurrengoan (1986) eta txapela jantzi zuen seigarrenean eta beretzat azkenekoan (1989); 55 urte zituen orduan.

6. GALDERA: Azkena argitaratutako epai irizpideak 2013koak dira. Bertan zehazten da bertsolariak kantuan hasteko behar duen denbora. Esaterako, zenbat puntuari erantzuteko?

Erantzuna: 5 segundu. Bertsozale.eus atariak txapelketari eskainitako atalean daude osorik epai irizpideak. Aipatutako galderari buruz dio: "Puntuari erantzutea: Erantzunak puntuaren jarraipena izan behar du. Ezin da etenik egon. Puntua jarri eta 5 segundorako hasi behar da puntuari erantzuten. Hasteko bizkortasuna saritu egingo da".

7. GALDERA: Hirurogeiko hamarkadetako txapelketak epaitzen, politikariaz gain musikari eta kantari izan zen baten izena agertzen zaigu. Nor?

Erantzuna: Mixel Labeguerie. BDBn dokumentatuta dagoen moduan, 1960ko txapelketan (1960-12-10) epaile aritu zen uztariztarra. Lanbidez medikua izan zen eta politika munduan, Kanboko (Lapurdi) alkatea, eta diputatua eta senataria Parisen. Labeguerie Euskal Kantagintza Berriaren sortzaile moduan da ezagun.

8. GALDERA: Zer konpartitzen dute bertsolari hauek txapelketari dagokionean? Mañukorta, Uxue Alberdi, Euzkitze, Unai Agirre, Amets Arzallus, Igor Elortza, Jokin Uranga eta Iñaki Zelaia.

Erantzuna: Finalera sartzeko hurrengoak izatea, alegia 9. geratzea txapelketan. Batzuk gerora finalera sartu baziren ere -tartean batek txapela lortu ere bai- Txapelketa Nagusietako final atarian geratu ziren hauek. Euzkitze 1986an, Mañukorta 1989an, 1993an Igor Elortza, 1997an Iñaki Zelaia, 2001ean Amets Arzallus, 2005ean Jokin Uranga, 2009an Uxue Alberdi eta aurrekoan 2013an Unai Agirre. Badaezpada ordezko moduan egon beharko zuten finalari begira.

9. GALDERA: Jakingo al zenuke esaten zenbat bertso puntuagarri kantatu behar izan zituen azken finalean txapeldunorde geratu zen Maialen Lujanbiok?

Erantzuna: 35 bertso. Goizeko saioan 15 bertso, arratsaldean denak batera aritutakoan 10 bertso eta buruz burukoan beste 10. Horietaz gain hiru agur kantatu zituen. Guztira 245 bertso entzun ziren agur guztiak kontutan hartuz. Atera kontuak... Aurtengoan bat gehiago kantatu beharko du buruz burukora iristen denak. Beraz guztira 247 bertso bestelako sorpresarik ez bada.

10. GALDERA: Azken txapelketan nork ekin zion saioari honela hasten den agurrarekin “Lehenik Markina gero Gernika...”

Erantzuna: Jone Uriak. Maule-Lextarreko finalaurrekoan kantatu zuen. Zazpigarren eta azken finalaurrekoa zen, Jone Uria Markina-Xemeinen eta Gernikan kantatzetik zetorren eta Maulen eman zion amaiera txapelketari (14. postuan). Argitaratutako liburuan ageri da. Eta BDBn "bertsoak" atalean aski da testua sartzea aurkitu, irakurri eta entzuteko.

 

Parte hartutako hurrenkeran zenbakia egokitu zaio parte-hartzaile bakoitzari eta erantzun zuzenak eman dituzten zortedunak hauek izan dira:

Irisarri Land abentura parkean lau pertsonentzako egonaldia: 

  • 30 zenbakiduna, HODEI LUJANBIO APEZETXEA

Abenduaren 17an BECen izango den finalerako sarrera bikoitzak:

  • 140 zenbakiduna, ETXAUN OTAÑO ZINKUNEGI
  • 89. zenbakiduna: AINHITZE RUIZ
  • 153. zenbakiduna: GARIKOITZ OTAÑO

Datozen egunetan harremanetan jarriko gara irabazleekin. Zorionak eta gozatu!

 

Abenduaren 17ko finalerako hiru sarrera bikoitz zozkatu ditugu.