Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

(H)ari naizela, (h)ari naizela...

2017/10/12
Pello Errotaren hitzak bere eginda, Tolosaldeko Atarian irratsaioa aurkezten dihardu Imanol Artola "Felix"ek. FMaren 107.6an entzun daiteke Tolosaldean eta nonahi egonda www.ataria.eus webgunean.

Tolosaldeko Atariaren eta Harituz bertso eskolaren ekimenez eta Bertsozale Elkartearen laguntzaz abiatu zen 2016 urtearen hasieran (H)ari naizela irratsaioa. 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari jarraipen estua egin zion Atariak, eta haren ondotik bertsolaritzari eskainitako tartea mantendu eta sendotu du hedabideak (H)ari naizela saioarekin.

"Eskualdean baziren behar eta, era berean, aukera batzuk eta lehenak asetzen saiatu gara, bigarrenak baliatuz" azaldu du saioaren aurkezle eta Harituz bertso eskolako kide den Imanol Artola "Felix"ek.

Uda aurretik 70 atal bete ditu saioak; larunbat eguerdietan izaten da entzungai FMaren 107.6an eta www.ataria.eus webgunean. Gerora, saioa atarira sareratzen da eta asteazken iluntzean ere errepikatzen da irratian.

Xenpelar Dokumentazio Zentroarekin duten hitzarmenaren bidez zenbait bertsoaldi bertatik zerbitzatzen bazaizkie ere, Harituz bertso eskolako kideek egiten duten bilketa baliatzen du bereziki irratsaioak. Izan ere, eskualdeko bertsogintzan jarria du arreta: "Eskualdeko bertsolariei eman nahi zaie ahotsa, normalean entzungo ez liratekeen horiei ere lekua emanez" azaldu du Artolak. Bertsoak garrantzia handia duen arren, bertsozalea izaten da gidari; astero gonbidatzen da eskualdeko bertsozaleren bat eta solasaldi hori izaten du saioak ardatz: "Jendea hona etorrita eroso egon ohi da. Zaila izaten dena da gonbidatzeko garaian jendeari zer esana baduela ulertaraztea".

Udazkenean ere, jakina, Tolosaldeko Atariak gertutik segituko du Bertsolari Txapelketa Nagusian gertatzen den guztia. 

Txapelketa hedabideetan

Bertsolaritzaren inguruko hainbat saio daude urtean zehar eta orain horietan bada Txapelketa Nagusia jarraitzeko aukerarik; baina ez hori bakarrik. Txapelketak dirauen bitartean beste hainbat saio eta tarte izango dira martxan. Horiek zeintzuk diren jakin nahi? ikusi hemen.

Juan Kruz Igerabide idazlea Imanol Artola "Felix"ek gonbidatu zuenekoa. / Iturria: XDZ