Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Finalerako autobus eta bazkaritarako txartelak, asteartera arte

2017/12/01
Baterako zein besterako txartelak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera joateko garraio publikoa edo antolakuntzak jarritako autobusak erabiltzea gomendatzen du Bertsozale Elkarteak.

Abenduaren 5era arte egongo dira salgai Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako autobus zein bazkaritarako txartelak. www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai biak.

Abenduaren 17an Barakaldoko BECen egingo den finalera garraio publikoan joatea gomendatzen du antolakuntzak. Hala, Bertsozale Elkarteak autobusak antolatu ditu Aizpurua Autobusak taldearekin lankidetzan, eta eskuragai daude aipatutako webgunean, www.bertsosarrerak.eus. Txartela erostean bidaiari bakoitzak bere abiapuntua aukera dezake ematen diren aukeren artetik, eta abenduaren 12an jakinaraziko da ordutegia; erosketa egiteko erabili den posta elektronikoan mezu bat jasoko dute informazio horrekin. Halaber, www.bertsozale.eus webgunean ere kontsultagai egongo da informazioa. Abiapuntua edozein izanda ere, 14 euro balio ditu autobus txartelak.

Behar bereziren bat duten bidaiariei aurrez jakinaraztea eskatzen die Bertsozale Elkarteak, zerbitzu egokia eman ahal izateko. Horretarako, 943 69 41 29 telefonora deitu edo  helbidera idatzi behar dute.

Bestelako zerbitzuak BECera iristeko

Bertsozale Elkarteak antolatutako autobusez gainera, Barakaldoko BECera iristeko hamaika modu daude garraio publikoa erabiliz, izan ohiko autobusak, metroa edota trena.

BECera metroz joatea da aukeretako bat, Ansio geltokia da gertuen dagoen metro geltokia, 2. zonakoa. Esate baterako, San Mames metro geltokiak lotura egiten du Renfe trenarekin eta Termibus autobus geltokiarekin. Bestalde, Donostia, Durango edo Txorierri ingurutik trenean bazatoz, Zapikaleak/Casco Viejo geltokian har dezakezu BECrako metroa; Bermeo/Gernikatik trenean bazatoz, Bolueta geltokian har dezakezu metroa; eta, Orduña, Kaltzada eta Karrantzatik bazatoz, berriz, Abando geltokian.

www.metrobilbao.eus eta www.euskotren.eus helbideetan dituzu ordutegiak eta prezioak. Metroa edo trena erabiltzeko txartela arruntak edo Barik txartela erabil dezakezu (banakako edo taldekako txartela).

Bazkaritarako txartelak ere eskuragai

Bizkaia Arenatik berrogeita hamar metrora izango da bazkaltzeko aukera finalaren egunean. Batetik, mahaiak eta aulkiak izango dira bazkaria etxetik eraman dutenek jan ahal izateko, eta bestetik, Iruña Catering enpresak eskainitako bazkaria dastatu ahal izango da.

Bigarren aukera honetarako, txartela eskuratu behar da www.bertsosarrerak.eus atarian; asteartera arte izango da horretarako aukera. 18 euro balio ditu txartelak.

Garraio publikoa erabiltzea gomendatzen du Bertsozale Elkarteak, finalaren egunean Barakaldora hurbiltzeko./ Alberto Elosegi - XDZ