Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

BECeko finalera joateko autobus zerbitzua eskaintzen du Bertsozale Elkarteak

2017/11/17
Abenduaren 17an BECen jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera joateko garraio publikoa edo antolakuntzak jarritako autobusak gomendatzen du Bertsozale Elkarteak. Finalera autobusez joateko autobus txartelak abenduaren 5era arte eros daitezke www.bertsosarrerak.eus atarian. Behar bereziren bat duten bidaiariei aurrez jakinaraztea eskatzen die Bertsozale Elkarteak.

Finalera autobusez joateko aukera eman nahi dizu Bertsozale Elkarteak, Aizpurua autobusak taldearekin lankidetzan. Abenduaren 5era arte egongo dira salgai BECerako autobus txartelak, www.bertsosarrerak.eus atarian. Abiapuntua edozein izanda ere, 14 euro balio du autobus txartelak.

Behar bereziren bat duten bidaiariei aurrez jakinaraztea eskatzen die Bertsozale Elkarteak, zerbitzu egokia eman ahal izateko. Horretarako, 943 69 41 29 telefonora deitu edo  helbidera idatzi behar dute.

Autobus txartela erosi dutenek abenduaren 12an jakingo dituzte autobus bakoitzaren abiapuntu zehatza eta ordutegia. Erosketa egin den posta elektronikoan mezu bat jasoko dute informazio horrekin. Halaber, www.bertsozale.eus webgunean ere kontsultagai egongo da informazioa.

Garraio publikoa erabiltzeko gomendioa

BECera metroz joatea da aukeretako bat, Ansio geltokia da gertuen dagoen metro geltokia, 2. zonakoa. San Mames metro geltokiak lotura egiten du Renfe trenarekin eta Termibus autobus geltokiarekin.

Donostia, Durango edo Txorierri ingurutik trenean bazatoz, Zapikaleak/Casco Viejo geltokian har dezakezu BECrako metroa; Bermeo/Gernikatik trenean bazatoz, Bolueta geltokian har dezakezu metroa; eta, Orduña, Kaltzada eta Karrantzatik bazatoz, berriz, Abando geltokian.

www.metrobilbao.eus eta www.euskotren.eus helbideetan dituzu ordutegiak eta prezioak. Metroa edo trena erabiltzeko txartela arruntak edo Barik txartela erabil dezakezu (banakako edo taldekako txartela).