Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Araba

Martin Abarrategi eta Manex Agirre garaile binakako 2.finalerdian

2021/05/09
Gasteizen jokatu den bigarren eta erabakiorra izan den finalerdian Manex Agirre eta Martin Abarrategik osatutako bikoteak lortu du puntuaziorik altuena. Beraz, badakigu nork kantatuko duen 2021eko Arabako Binakako Bertsolari Txapelketako finalean.

Maiatzaren 9an jokatu da Gasteizko Ibaiondo Gizarte Etxeko Felix Petite antzokian 2. finalerdia. Finala definituko duen saioa. 

Kantuan aritutako 3 bikoteak, hurrengoak:

Martin Abarrategi Sarrionandia - Manex Agirre Arriolabengoa

Peru Abarrategi Sarrionandia - Beñat Garaio Mendizabal

Xabi Igoa Eriz - Felipe Zelaieta Txurruka

Bigarren itzuli honetako saioetan 28 bertso puntuagarri kantatu behar dituzte bertsolari bikote bakoitzak, 14na bertsolariak, horien artean 5na bertso,  kartzelako lanean, hau da, denek gai berberari erantzunez. Gasteizen, ariketa guztiak egin ondoren, Martin eta Manexek lortu dute puntu gehien, 662,5 puntu. Puntuazioak ondorengoak izan dira hurrenez hurren:

Martin Abarrategi Sarrionandia - Manex Agirre Arriolabengoa : 662,5 puntu.

Peru Abarrategi Sarrionandia - Beñat Garaio Mendizabal: 653 puntu

Xabi Igoa Eriz - Felipe Zelaieta Txurruka: 652 puntu.

Beraz, finalean nork kantatuko duen definitua geratu da gaurko saioaren ostean. Gasteizko saioan kantatu duten bertsolariek itxi dute sailkapena.

Bederatzi lagunez osatutako gai-jartzaile taldetik Eli Plazaola izan da Gasteizko Felix Petit Antzokian  aurkezlea. Bigarren fase honetan, epaimahaia horrela dago osatua: Aitor Jimenez, Fernando Sopelana, Ekaitz Elorriaga eta Patxi Aizpurua. Idazkari lanetan Edorta Jimenez eta Ainhoa Aizpurua.

Maiatzaren 22an jokatuko da finala Legutioko kiroldegian. Sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.  

Saioaren informazio gehiago, argazkiak eta puntuazioa hemen.