Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Julio Sotok irabazi du 2015eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa

2015/03/28
Julio Sotok irabazi du Elizondoko Baztan pilotalekuan jokatu berri den 2015eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. 1.250 bertsozalek jarraitu dute finala bertatik bertara. Bigarren postua Xabier Terrerosentzat izan da eta, haren ondotik, Eneko Lazkoz, Oskar Estanga, Eneko Fernandez, Ander Fuentes, Julen Zelaieta eta Aimar Karrika sailkatu dira.

Zortzikoteak bere lan puntuagarria amaitu ostean Julio Soto eta Xabier Terreros izan dira buruz-burukoa jokatu dutenak.

Honela gelditu da finaleko puntuazioa:

Julio Soto:....................................797,5 puntu

Xabier Terreros:..........................759

Eneko Lazkoz:............................446,5

Oskar Estanga:......................... 430,5

Eneko Fernandez:.................... 420,5

Ander Fuentes “Itturri”: ............. 412,5

Julen Zelaieta:............................411

Aimar Karrika:...........................405,5

 

Fernando Anbustegi eta Alaitz Rekondok gidatu dute finala. Epaile lanetan Nerea Bruño, Mikel Beaumont, Jon Abril, Arkaitz Goikoetxea eta Saioa Mitxelena aritu dira eta Nerea Goñi idazkari lanetan.

Momentu ederrak izan ditu saioak: Baztango Ikastolako seigarren mailako haurrek bertsotan aurkeztu dituzte finalistak saioari hasiera emanez eta Juanjo Atxa almandoztarra izan da Julio Sotori txapela jantzi dioena. Baztan ikastolako irakasle izanik, urte luzeetan zehar eskola orduetan bertsolaritzaren transmisioan eta zabalkundean eginiko lan isil eta etengabea eskertu nahi izan diogu Nafarroako Bertsozale Elkartetik.

Bihar, igandea, bazkalostean, finalaren laburpena eskainiko da Hitzetik Hortzera telebista saioan, ETBren lehenengo katean. Bertsoa plaza digitalean ere bihar eskegiko da gaurko saioari buruzko hautaketa.

Eskerrak luzatu nahi dizkiegu,  txapelketan parte hartu duten bertsolari, gai-jartzaile eta epaileei, hala nola, txapelketa osoan zehar laguntzaile izan ditugun bertsozaleei, bertso-eskolei, txapelketa hartu duten udalei, babesle, laguntzaile zein hedabideei…

 

Mila esker guztioi Nafarroako bertsolaritza hauspotzeko egindako ahaleginarengatik!

 

Txapeldunaren agurra:

 Julio Soto / Elizondo, 2015-03-28

Aitak zuri hitz egiten

pasatzen ditu egunak

egunero pizten dizu

kandela ama kuttunak.

Itsaso zurekin dago

dauden bezala lagunak

Idurre eta Gorriti

eta oilagorren lumak

guztiok elkartzen gaitu

zuganako maitasunak.

Alberto hartu itzazu

besarkada bihotz dunak

gutxi barru aurrez aurre

emango dizkizugunak.