Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Julio Soto eta Xabier Terreros finalerako lehen sailkatuak, Berriozar eta Lesakako saioak irabazita

2015/03/09
Larunbatean Berriozarko lehen finalaurrekoan Sotok eskuratu zituen puntu gehien eta igandean Lesakako finalaurrekoan berriz, Terreros gailendu zen. Martxoaren 28an Elizondon jokatuko den finaleko lehen bi finalisten izenak erabaki dira honela.

Martxoaren 7an larunbatarekin ekin zitzaion Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoari, Berriozarko Entzunaretoan. 285 bertsozaleren aurrean, Jon Barberena, Julio Soto, Alazne Untxalo, Iñigo Olaetxea, Sarai Robles eta Eneko Fernandez aritu ziren kantuan eta sei bertsolariek ere bikain erantzun zioten saio puntuagarrien tarteari. Gorabeherak gorabehera, Fernando Anbustegiren gidaritzapean guztiek utzi zituzten ale politak eta azkenean puntu gehien batuta, Julio Soto izan zen saioko irabazlea. Gainontzekoek puntuazio orokorren zain gelditu beharko dute finalera sailkatzen diren jakiteko. Hona hemen saioko puntuazioak:

BertsolariaPuntuazioa
Julio Soto 347,5 puntu
Eneko Fernandez 324 puntu
Jon Barberena 310 puntu
Iñigo Olaetxea 299,5 puntu
Alazne Untxalo 299 puntu
Sarai Robles 280,5 puntu

Berriozarko finalaurrekoaren bertsoaldiak hemen ikus daitezke.

Igandean, Lesakan

Martxoaren 8an Lesakako Harriondoa Kultur Etxean jokatutako bigarren finalaurrekoan beste sei bertsolari izan ziren lehian: Julen Zelaieta, Aimar Karrika, Kotte Plaza, Xabier Terreros, Amaia Elizagoien eta Ander Fuentes “Itturri”. 270 bertsozalek aretoa beteta, Bortzirietako Bertso Eskolako gaztetxoen agurrarekin ekin zitzaion saioari. Tarte puntuagarriari ekinda, sei bertsolariek bertsozaleek gogotik txalotutako bertsoaldi ederrak utzi zituzten eta azkenean Xabier Terreros lesakarrak eskuratu zituen puntu gehien, finalerako txartel zuzena bereganatuz. Karrikak, Zelaietak, Itturrik, Plazak eta Elizagoienek puntuazio orokorrekin batera jakinen dute finalerako sailkapena.

Hauek dira Lesakako puntuazioak:

BertsolariaPuntuazioa
Xabier Terreros 344 puntu
Aimar Karrika 336 puntu
Ander Fuentes "Itturri" 327 puntu
Julen Zelaieta 319,5 puntu
Kotte Plaza 315 puntu
Amaia Elizagoien 286 puntu

Lesakako bertsoaldiak hemen ikus daitezke.