Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Juanjo Atxak jantziko dio txapela txapeldunari

2015/03/26
Baztandarra izanik, bailaran urte luzeetan zehar bertsolaritzaren transmisioan egindako lan handia goraipatu nahi da horrela.

Larunbatean Elizondoko Baztan pilotalekuan jokatuko den Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean, Juanjo Atxa almandoztarra izango da txapeldunari txapela jantziko dioena. Baztan ikastolako irakasle izanik, urte luzeetan zehar eskola orduetan bertsolaritzaren transmisioan eta zabalkundean eginiko lan isil eta etengabea nabarmendu nahi du horrela Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ekimen pertsonal horri esker milaka gaztek bertsolaritzarekiko lehen ezagupenak Juanjoren bitartez jaso dituzte eta bailaran egindako lan handia eskertu asmoz, berak jantziko dio txapela 42.edizio honetako txapeldunari.


16:00etan zabalduko dira pilotalekuko ateak

Finala arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta Elizondoko pilotalekuko ateak ordubete lehenago irekiko dira, 16:00etan.

Takila berriz, arratsaldeko 15:00etatik aurrera egonen da zabalik pilotalekuan bertan.  Aforoa mugatua da, beraz sarrerak aldez aurretik hartzea gomendatzen da. Horretarako internet bidez eskuratu daitezke www.bertsosarrerak.eus atarian edo ondorengo salmenta puntuetan: Elizondo (Fantxike eta Intza), Iruñea (Karrikiri), Leitza (Maimur), Lesaka (okindegia), Lekunberri (Lanbroa) eta Etxarri Aranatz (Xapatero).

Zuzeneko emisioak eta saio berezia ETB-n

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak jarraipen zabala izango du, idatzizko prentsa, irrati, internet atari eta telebistak bilduz.

Honela, www.bertsoa.com interneteko atariak zein Xorroxin irratiak zuzeneko emisioa eginen dute.

Horrez gain, igandean ETBren lehen kateak finalaren laburpen zabala eskainiko du 15:00etatik aurrera.