Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Burlatan jokatuko da martxoaren 15ean azken finalaurrekoa

2015/03/12
Burlatako Kultur Etxean hirugarren eta azken finalaurrekoa jokatzearekin batera, Elizondon martxoaren 28an arituko diren zortzi finalisten izenak jakingo dira.

Igandean arratsaldeko 17:30ean hasita, aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa jokatuko da, Burlatako Kultur Etxean. Honako seikotea arituko da kantuan: Eneko Lazkoz etxarriarra, ohiko finalista eta Lakuntzako final-laurdenetako saioa irabazita zuzenean sailkatua. Oskar Estanga gaintzarra, ohiko finalista eta beteranoa txapelketako parte-hartzeari dagokionean. Oier Lakuntza eta Saioa Alkaiza  iruindarrak, txapelketan ohiko parte-hartzaileak. Migel Mari Elosegi “Luze” leitzarra, finalista izandakoa eta Aritz Saragueta beteluarrarekin batera parte-hartze mailan beteranoak. Aurkezle lanetan berriz, Maider Ansa arituko da.

Saioko irabazleak finalerako sailkatze zuzena eskuratuko du eta harekin batera, zortzi finalisten izenak ere erabakita geratuko dira; finalaurreko bakoitzeko irabazleak eta 5 puntuaziorik onenak eskuratzen dituzten bertsolariak. Momentuz, Julio Soto eta Xabier Terreros dira finalerako txartela segurtatuta duten bakarrak, Berriozar eta Lesakako finalaurrekoak irabazita hurrenez hurren.

Saiorako sarrera hamar eurokoa da, sei euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Sarrerak aldez aurretik Burlatako Ostarte tabernan eskuratu daitezke edo www.bertsosarrerak.eus atarian. Takila berriz, arratsaldeko 16:00etan zabalduko da aretoan bertan.

Burlatako udalak lagundu du saioa antolatzen.