Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bederatzi herritan bederatzi saio izango dira asteburuan Herriartekoan

2017/02/16
Añorga, Asteasu, Ereñotzu, Orio, Urretxu-Zumarraga eta Villabonan izango dira ostiraleko saioak. Larunbatean, berriz, Irun, Legazpi eta Zarautzen izango da Herriartekoa.

Otsailaren 17an Herriarteko sei saio izango dira. Karidadeko benta (Asteasu eta Zizurkil) eta Ran rober ran (Zarautz) taldeen bertso afaria Asteasuko Iturri –Ondo tabernan izango da 21:00etan. Ereñotzuko Ur-Mia Elkartean egingo dute bertso saioa 22:30ean Ereñotzuko taldeak eta Erniarraitz 2k (Azkoitia).

Añorgako Jolas Etxea Elkartean ere bertso afaria egingo dute Añorgako eta Hitza ote hitza? (Zarautz) taldeek 21:00etan. Ostiraleko azken bertso afaria, Orioko Gure Etxea elkartean izango da 21:00etan. Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu (Orio) eta Hernani 1 (Hernani) taldeak ariko dira bertan.

Villabonako Gaztetxean ere izango da bertso saioa ostiralean. 22:30ean hasiko da Am… ona! (Amasa-Villabona) eta Arnope (Mutriku,Deba, Mendaro) taldeen arteko saioa. Si mimimi sol (Urretxu-Zumarraga) eta Lasarte-Oriako taldeak, berriz, Urretxuko Gaztelekuan ariko dira 23:00etatik aurrera izango den bertso saioan.

Larunbatean, Otsailaren 18an, izango dira asteburuko azken hiru saioak. Horietatik bi, bertso afariak dira. Alde batetik Bertso Olariak (Legazpi) eta Erniarraitz 1 (Azpeitia) taldeena izango da. Legazpiko Lekanazpi elkartean 20:00etan hasiko da otordua, bukaeran izango da saioa. Bestetik, Tulipanak (Legazpi) eta Xenpelar (Orereta) ariko dira Zarauzko Gure Kabia elkartean. Afaria 21:00etan hasiko da.

Txingudi 2 (Irun) eta Ebie ai do (Beasain, Ordizia, Zaldibia, Legorreta) taldeek Irungo Mendizale Elkartearen Larrepitxi kaleko lokalean egingo dute bertso saioa 19:00etan.

Gipuzkoako Herriartekoa 2017

Gipuzkoako Herriartekoa taldekako bertsolari txapelketa otsailaren hasieratik abiatuta maiatzaren 27ra arte egingo da. Egun horretan izango da finala Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Herriartekoarekin Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi nahi da. Parte hartzaile guztien txapelketa izango da hau, lehia baino gehiago, gozamena izango da ardatz. Guztiaren oinarria auzolana da.

Bertsozale Elkartearen funtzioa koordinazio orokorra eta saretze lana izango da. Antolatzaileak Herriartekoan parte hartuko duten 267 antolatzaile, gai jartzaile, epaile eta bertsolariak dira. Horien sostengu izango dira Gipuzkoako Gai jartzaile taldea, Epaile taldea eta Elkarteko lan talde teknikoa.

Guztira, 38 taldek eman dute izena. Talde bakoitzak gutxienez sei partaide behar ditu: taldearen ordezkaria, gai jartzailea, epailea eta hiru bertsolari. Lehen itzulian 38 bertso saio izango dira.

Herriartekoak lau fase izango ditu:

                -Lehen fasea: otsailaren 3tik martxoaren 12ra. 38 taldeak 12 multzotan banatu dira. Hamar multzo hiru taldekoak dira eta, beste biak, laukoak. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera.

                -Bigarren fasea: martxoaren 23tik apirilaren 9ra. Aurreko fasetik sailkatu diren 12 taldeak lau multzotan banatuko dira, hirunaka. Multzo bakoitzetik bat sailkatuko da finalaurrekoetarako.

                -Finalaurrekoak: maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira. Lehenengoa Alegian, eta, bigarrena, berriz, Bergaran. Bakoitzean bi talde ariko dira lanean.

                -Finala: maiatzaren 27an izango da, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Lehiatik kanpo geratu arren,taldeak amaierara arte izango dira ekimenaren parte. Funtzio aldaketa baino ez dute izango.