Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Eibarren jokatuko da igandean azken finalaurrekoa

2015/12/02
Finalaurrekoetako fasea amaituko da igandean Eibarren. Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Felix Zubia, Iñaki Gurrutxaga, Jon Maia, Mikel Artola eta Nahikari Gabilondo igoko dira Astelena pilotalekuko oholtzara. 17:30etan hasiko da saioa eta irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 19an Ilunben jokatuko den finalera. Horrekin batera, Eibarko saioa amaituta jakingo da nortzuk osatuko duten finalean kantatuko duen zortzikoa. Ohi bezala, sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Felix Zubia, Iñaki Gurrutxaga, Jon Maia, Mikel Artola eta Nahikari Gabilondo dira azkenengo finalaurrekoan parte hartuko duten bertsolariak. Inaxio Usarraldek aurkeztuko du Astelena pilotalekuan 17:30an hasiko den saioa.

Eibarko finalaurrekoan irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da abenduaren 19an Donostiako Ilunben jokatuko den finalera. Horrez gain, saioa amaituta ezagutuko dugu zeintzuk izango diren abenduaren 19ko finalean kantatuko duten zortzi bertsolariak. Oraingoz, Alaia Martin eta Unai Agirre dute txartela ziurtatuta, Zarauzko eta Tolosako finalaurrekoetan irabazita.

Gainerako finalaurrekoetan bezala, honako lana egin beharko dute bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, hamarreko handian, hiruna bertso.
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, 6 puntuko motzean hiruna bertso
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
  • Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Saiorako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Gaztetxoen sarrera 6 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 10ean eta gainerakoena 13 euroan. Saioko egunean sarrerak aretoko leihatilan jarriko dira salgai,16:00etatik aurrera.

ETBk igande gauean 40 minutuko laburpena emango du "Herri txiki, infernu handi" programaren ondotik, 23:20ean. Bertsoa sareko plazak astelehenean finalaurrekoaren hautaketa zabala eskainiko du eta asteartean bertsolarien balorazioak.

 

 

Eibarren kantatuko duten bertsolariak.