Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bizkaia

Osasuna bermatzeko neurriak hartuta jokatuko da sailkapen fasea

2020/09/09
Irailaren 16tik 24ra bitartean jokatuko da Udabarria Bertsotan; 18:30ean izango dira saioak.

Astebete falta da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea hasteko eta antolakuntzak prest dauka dena. Egoera berezia da, eta horren neurrirako protokoloak egin ditu elkarteak.

Arauak beteko dira, jakina, baina horrez gain, guztion osasuna bermatzeko neurri gehiago hartuko dira. Alde batetik, parte hartzaile guztientzako protokoloak egin dira: bertsolari, gai-jartzaile, epaile zein antolakuntzakoentzakoak. Bestetik, bertsozaleentzako ere neurriak hartu dira. Guzti horri lotuta, Talde Antolatzaileak hainbat ohar zabaldu nahi ditu:

  • Saiora garaiz heltzea komeni da denok modu egokian sartzeko.
  • Ekitaldian zehar ez ezik, ekitaldiaren aurreko eta ondorengo uneetan ere segurtasun neurriak bete beharko dira.
  • Kasu egin antolakuntzakoei eta aurkezleak emandako oharrei.
  • Ezingo dira musukoak kendu ez saioan zehar, ez aurretik, ezta ondoren ere.
  • Ezingo dira aulkiak lekutik mugitu, ezta pertsonak lekuz aldatu ere. Saio ostean aulkiak ez jasotzeko eskatuko da.
  • Ahalik eta sartu-irten gutxien egiteko eskatuko da.
  • Zalantza kasuan, segurtasun irizpidea gailenduko da.

Sarrerak, online

Segurtasun neurriak ahalik gehien errespetatzeko asmoz, sailkapen faseko sarrerak Internet bidez lortu ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus atariaren bidez. Sarrerak irailaren 10ean jarriko dira salgai, 12:00etan. Kontuan izan behar da leku batzuetako aforoak oso mugatuak direla, beraz, arin agortzeko arriskua dagoela.

Sarrera orokorrak 3 euro balio du; bazkideentzako 2 eurokoa izango da prezioa; eta 16 urtetik beherakoek doan joan ahal izango dute saiora, beti ere, sarrera hartuta.

Saioei zein parte hartzaileei buruzko informazioa webgune honetan topatuko duzue.