Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Irailean jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea

2020/07/14
Maiatzean jokatzekoa zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea irailean izango da; 60 bertsolarik parte hartuko dute.

Udazkenaren atarian jokatuko da Udabarria Bertsotan 2020. Maiatzean egin behar zen, baina egoera berezia da aurtengoa eta irailean jokatuko da azkenean.

Udabarria Bertsotan sailkapen fasean 60 bertsolarik eman dute izena. Aipatzekoa da Bizkaiko eskualde guztiek daukatela ordezkaritza. Kopuru hori kontuan hartuta, hamar saio egongo dira fase honetan, sei bertsolarikoak. Fase honetatik puntuazioz sailkatuko dira bertsolariak Bizkaiko Bertsolari Txapelketara.

Aldaketak egongo dira aurten egituran –erabaki hau iaz hartu zuen talde antolatzaileak-. Sailkapen faseko hamar saioak bost egunetan jokatuko dira: egun eta ordu berean, herri desberdinetan saio bi egingo dira. Horrela, bost egunetan egingo dira hamar saioak.

Saio bakoitzean zeinek kantatuko duen jakiteko webgune honetako saioak atalera jo dezakezue. Parte-hartzaileak atalean, ostera, bertsolariei, gai-jartzaileei, epaileei, talde antolatzaileari eta komunikazio taldeari buruzko informazioa topatuko duzue.

Sare sozialen bitartez ere jarraitu ahal izango da Udabarria Bertsotan: Instagram, Facebook eta Twitter bidez.