Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Sumendiola bete poto sailkatu da Kuadrillarteko finalera

2020/03/01
Arabako bertso Kuadrillarteko lehen finalaurrekoa burutu da Aguraingo Zabalarten. Gasteizko Sumendiola bete poto eta Kakiturriko Gladioloreak taldeak lehiatu dira bertan. Sumendiola bete poto gailendu da saioan, beraz Murgian, martxoaren 28an, jokatuko den finalean abestuko dute.

Giro politean jokatu zen Arabako Bertso Kuadrillarteko 1.finalaurrekoa Aguraingo Zabalarten. Mokadurako zizka mizken ostean eman zitzaion hasiera saioari. Sumendiola Bete Poto (Gasteiz) taldearen izenean Maddi Juaristi, Gerezti Unanue, Oier Lakuntza, Julen Martiartu eta Beñat Garaio aritu ziren kantuan. Kakiturriko Gladioloreak (Gasteiz) taldearen izenean Juan Mari Juaristi, Asier Otamendi, Rikardo Gonzalez de Durana, Xabi Rico eta Ander Aranburu.

Gai jartzaile lanetan Marta Ugarte aritu zen. Saioa hiru epailek baloratu zuten: Manex Garaio Sumendiola bete poto talderaren ordezkaria, Karmele Madinabeitia Kakiturriko Gladioloreak taldearen ordezkaria eta Arabako Bertsozale Elkartearen izenean Fernando Sopelana. 

Talde bakoitzaren agur kolektiboaren ondoren, bertsolariek hainbat ariketa kolektibotan aritu behar izan zuten: binaka ofizioetan, hirunaka koplan, asmakizuna hirunaka...

Epaimahaiak erabakita Sumendiola bete poto taldea arituko da finalean. Sailkatzen den lehenengo taldea da. Aguraingo finalaurrekoaren argazkiak hemen ikusgai.

Hurrengo bi larunbatetan jokatuko dira hurrengo bi finalaurrekoak, Aramaion eta Amurrion. Bi saio horietan talde bana sailkatu da, izan ere, finala 3 taldeen artean jokatuko da.

Finala, martxoaren 28an, egun osoko festaren inguruan izango da Murgian. Eguerdian, Palatu kirol eremutik hasita, parte hartu duten taldeak arituko dira kantuan tabernaz taberna. Bazkal ostean finala jokatuko da. Bazkarian izena emateko deitu 675 70 79 71 edo idatzi araba.sustapena@bertsozale.eus. Finalerako sarrerak bertan jarriko dira salgai eta Gasteiztik autobusa jarriko da goizean Murgiara joan eta iluntzean bueltatzeko.