Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Otsailaren 9an abiatuko da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Tuteran

2019/01/25
30 bertsolarik eman dute izena, eta behin aurre-kanporaketak igarota, 24 izango dira Erriberan abiatuko den ibilbidean. Guztira, lau final-laurden, hiru finalaurreko eta finalak osatuko dute txapelketa. Iruñeko Anaitasunan jarriko zaio azken puntua, martxoaren 23ko finalean.

Hastear da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Otsailaren 9an abiatuko da Tuteran, eta martxoaren 23an bukatuko da, Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko finalean. Tartean, zortzi saio izango dira, beste horrenbeste herrietan. Guztira, lau final-laurden, hiru finalaurreko eta finala izango ditu 44. Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Tuteratik Urdazubira, Iruritatik Lizarrara, Atarrabiatik Etxarri Aranatzera eta Lesakatik Iruñera, Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu. Bide bat bertsoarena, euskara Nafarroan barrena barreiatzeko, mila kolore eta mila Nafarroa diren Nafarroa honetan. Gaur aurkeztu dute txapelketa Barañainen, Nafarroako Bertsozale Elkarteak han egindako urteroko batzar nagusiaren ostean. Txapelketan ariko diren bertsolari, epaile, gai-jartzaile eta antolatzaile andana bildu dira aurkezpen argazkian.

Guztira, 30 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan. Lehen aldiz parte hartzen zuten seirek, duela bi urteko sailkapeneko azken seiekin batera, aurre-kanporaketak jokatu zituzten urtarrilean, eta horren ostean bidean geratu ziren sei bertsolari. Horrenbestez, 24 izango dira Tuteran hasiko den ibilbidean. Martxoaren 23ra arte, zortzi saiotan ariko dira, Nafarroako geografia anitzean barrena. Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko finalean itsasoratuko dira bide horretako urak. Bertsolariekin batera, zazpi epailetako taldeak, hamabost gai-jartzailek eta hamarnaka laguntzailek egingo dute posible egitasmoa.

Urteak joan urteak etorri, Nafarroako euskal kulturaren erreferentzia nagusietakoa bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Baina ez da bat-bateko lorea. Txapelketa urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu da, bertsolaritza transmititzeko alorrean egindako lan eskergaren ondorio zuzena. Bide horretan, aipatzekoa da Bertsolaritza Irakaskuntzan egitasmoa, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Nafarroako Gobernuaren eta tokian tokiko udal eta mankomunitateen laguntzarekin antolatua, urtero 2.400 ikasle baino gehiagorengana iristen dena, eskola orduetan bertsogintza eta ahozkotasuna landu dezaten. Era berean, ezin ahaztu Bertso Eskolen sarea, herri eta auzoetako transmisiorako gune biziak biltzen dituena. Azkenik, aisialdiaren eremuan antolatutako egitasmoek osatzen dute transmisioaren alorra.  

Txapelketa, beraz, bertsogintzaren eta euskararen aldeko lan horri bultzada emateko aukera ederra da. Nafarroako bertsolariei ikusgarritasuna emanez, bertsogintza sustatu eta gizartean ezagutarazteko aukera emango duen egitasmoa martxan da. Gozatu eta gozarazteko unea iritsi da.

Txapelketako hainbat bertsolari, gai-jartzaile, epaile eta antolatzaile bildu dira txapelketako aurkezpen argazkian.