Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Julio Soto da Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelduna

2017/04/08
1.300 bertsozale inguru bildu dira Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, eta giro beroan jokatu da finala. Julio Sotok eta Eneko Lazkozek jokatu dute buruz burukoa. Azkenean, 925,5 puntu bilduta, Julio Sotok jantzi du txapela, Luzia Goñi 89 urteko bertsolariaren eskutik.

Arratsaldeko bostak pasatxo hasi da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Zortzi bertsolari aritu dira kantuan: Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes ‘Itturri’ , Xabier Terreros eta Julen Zelaieta. Alaitz Rekondok egin ditu gai-jartzaile lanak, eta Fernando Anbustegi aritu da aurkezle zereginetan. Jon Abril, Mikel Beaumont, Nerea Bruño, Arkaitz Goikoetxea, Izaro Mitxelena eta Saioa Mitxelenak osatu dute epaimahai taldea.

Finalaren lehen zatia bukatuta, Eneko Lazkozek eta Julio Sotok lortu dute puntu gehien, eta biak pasa dira buruz burukora jokatzea. Binakako bi ariketa eta kartzelako lana egin ostean bukatu da saio puntuagarria, eta orduan jakinarazi du aurkezleak epaimahaiaren epaia: Julio Sotok lortu du puntu gehien, 925,5, eta horrenbestez, bera da 2017ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelduna. Haren atzetik sailkatu dira Eneko Lazkoz, Ander Fuentes “Itturri”, Aimar Karrika, Xabi Maia, Xabier Terreros, Eneko Fernandez eta Julen Zelaieta. Honelaxe geratu da sailkapena:

  1. Julio Soto 925,5
  2. Eneko Lazkoz 906,5
  3. Ander Fuentes “Itturri” 543,5
  4. Aimar Karrika 499
  5. Xabier Maia 498
  6. Xabier Terreros 494,5
  7. Eneko Fernandez 493,5
  8. Julen Zelaieta 474,5

Luzia Goñi 89 urteko bertsolariak jantzi dio txapela txapeldunari. Ehunka bertso idatzien egile da Goñi, eta urteetan sustatu du bertsolaritza. Bere garaiko emakume askok bezala, ordea, ezin izan du plaza publikoan jardun. Haren bitartez, beraz, lan isilean aritutako emakume guztien lana aitortu nahi izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Txapeldunak, gainera, bihar goizean Korrika-ren kilometro batean lekukoa eramateko ohorea izango du; Nafarroako Korrika-ko arduradun Asier Biurrunek jantzi dio petoa Julio Sotori. Gainera, zortzi finalistek Aritz Irigoien marrazkilariak egindako artelanak jaso dituzte, Nafarroako Bertso Eskoletako ordezkarien eskutik.

1.300 bertsozale ingururen aurrean jokatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Tartean izan da Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza ere: besteak beste, Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Kontseilaria; Fernando Perez ,Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaria; eta Mikel Arregi, Euskarabideako Zuzendaria.

Txapelketa Nagusirako sailkatuak

Nafarroako txapelduna zehazteaz gain, 2017ko udazkenean abiatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusirako nafar ordezkariak izendatzeko funtzioa ere bazuen gaurko finalak. Lehen bost sailkatuek izango dute aukera Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko. Hauexek, hain zuzen ere:

  1. Julio Soto
  2. Eneko Lazkoz
  3. Ander Fuentes “Itturri”
  4. Aimar Karrika
  5. Xabier Maia

Julio Sotok bere laugarren txapela jantzi du.