Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Zabalik da Iruñeko IV. Bertsopaper Lehiaketan sormen lanak aurkezteko epea

2023/09/11
Laugarren urtez jarraian antolatu dute sariketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Aurreko hiru edizioetan bezala, hiru kategoria izango dira parte hartzeko, hiruna sarirekin. Azaroaren 30era bitarte izango da lanak entregatzeko epea.

Martxan da Iruñeko IV. Bertsopaper Lehiaketa. Aurreko urteetako bideari eutsiz, laugarrenez antolatu dute sariketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean, bertso idatzien sorkuntza sustatzeko asmoz.

Nafarroan jaiotako edo Nafarroan bizilekua duten egileek parte hartu dezakete, hiru kategoriatan: txikiena, 2010ean edo ondoren jaiotakoentzat; gazteena, 2006 eta 2009 urteen artean jaiotakoentzat (biak barne), eta helduena, 2005an edo lehenago jaio direnentzat. Kategoria bakoitzak sari ezberdinak izango ditu. Lehenengoan, 50 eta 150 euro arteko kultur bonoak oparituko dira. Bigarrenean, 150 eta 350 euro arteko diru-sariak. Eta hirugarrenean, 500 eta 1.500 euro artekoak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak, gainera, helduen kategorian lehen saria eskuratzen duen obran oinarrituta ikuskizun edo emanaldi bat ekoizteko eskubidea gordeko dute, interesekoa suertatzen bada.

Aimar Sagastibeltzak, Joseba Beltzak eta Saioa Mitxelenak osatuko dute epaimahaia, Nafarroako Bertsozale Elkarteak hala proposatuta.

Iruñeko Udalaren Kultur Sailaren webgunearen bitartez aurkeztuko dira lanak, azaroaren 30era bitarte. Ondorengo loturan kontsultatu daitezke lehiaketaren oinarri osoak.